Gipuzkoako txirrindulariak bat eginda Belodromoan

Barren 2024ko ots. 22a, 10:31

Harrobirik gabe ez dagoela txirrindularitzarik irudikatzeko ekitaldia egin zuten zapatuan, Donostiako Antonio Elorza Belodromoan, eta Elgoibarko Lagun Taldea txirrindularitza eskolakoek ere hartu zuten parte.

Belodromoko ekitaldian festa eta aldarrikapena uztartu nahi izan zituztela azaldu zuen Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente Santi Osorok. "Gipuzkoako txirrindularitzaren familia osatzen dugun lagunak Belodromoan batuta, dugun indarra ikusaraztea nahi genuen. Gizartean lekua behar dugula aldarrikatu, errespeta gaitzatela".
Pistako denboraldia amaitzearekin bat hasiko da errepideko denboraldia, asteburu honetan; eta Gipuzkoako taldeak aurkezteko ere baliatu zuten belodromoko ekitaldia. Gipuzkoako 24 txirrindularitza talde aurkeztu zituzten, banana-banan, taldekide guztien izenak aipatuz. Elgoibarko Lagun Taldea Txirrindulari Eskolak 2023-2024 denboraldirako osatu duen taldea ere han izan zen. 32 txirrindulari ditu taldeak: 8 kadete eta junior mailan eta 24 txirrindulari eskolan (ikus kideen zerrenda beherago).
Harrobiko txirrindularitza jasatzen ari den zailtasun eta traben aurrean "indartsu, errotuta eta arazoei elkarrekin aurre egiteko prest" daudela irudikatzen duen famili argazkia atera zuten guztiek. Txirrindulari gazteez gainera, txirrindularitzaren bueltako hainbat eragilek hartu zuten parte ekitaldian: zikloturistek, lasterketetako epaileek, lotura motorretako gidariek, lasterketetako antolatzaileek, e.a. 


Errepide gaineko denboraldia hastear

Zumaian hasiko dute Hego Euskal Herriko txirrindularien errepide gaineko denboraldia zapatuan, han jokatuko duten Euskaldun torneoarekin. Hastear den denboraldiak, gainera, izango du berrikuntzarik; izan ere, orain arte 23 eta 27 urtez azpiko txirrindulariek parte hartu zezaketen afizionatuen lehian, baina aurten Euskadiko Txirrindularien Federazioak 27 urtetik 29 urtera arte zabaldu du eliteei dagokien mailan lehiatzeko tartea. Afzionatuen mailako lasterketekin batera, junior eta kadete mailako probak ere jokatuko dituzte asteburu honetan. Jubenil eta kadete mutilek Eibarren hasiko dute errepide gaineko denboraldia, domekan. Kadete eta jubenil neskak Errenterian lehiatuko dira, domeka arratsaldean. 


Boluntario falta

Lasterketak antolatu ahal izateko boluntario falta izaten ari da azken urteetan zailtasun handienetakoa harrobiko txirrindularitzan eta aurten ere azaleratuko da arazo hori. Debako lasterketa bat esaterako, bertan behera laga dute boluntario faltagatik. 

Elgoibarko Lagun Taldea 2023-2024 dendoraldiko taldea:

  • Benjamin mutilak: Iker Barrueta, Egoi Motrico eta Patxi Flores.
  • Benjamin neskak: Libe Lameiras.
  • Alebin mutilak: Oinatz Ansola, Adrián Jaramago, Angkor Horrillo eta Unax Caño.
  • Alebin neskak: June Irailagoitia eta Irati Ansola.
    Infantil mutilak: Haritz Zabala, Luken Zulaika, Oier Arriola, Eneko Lameiras, Enaitz Irailagoitia, Danel Garaizabal, Paul Mendikute y Xabier Barrueta.
  • Infantil neskak: Ane Astigarraga.
  • Kadeteak: Aimar González, Iñaki Astigarraga, Julen Rodríguez, Aratz Goikoetxea eta Unai Cornejo.
  • Juniorrrak: Einer Agirregomezkorta eta Bryan Jaramago.