Urte hasieratik lan talde berri batek hartu du Makina Erremintaren Museoa bideratzeko ardura, Fundazioaren patronatuaren gidaritzapean. Iker Garcia eta Rafa Zulaika dira museoko arduradun berriak eta zeregin berriari "gogo handiz" ekin diotela adierazi dute. Makina-erremintaren bitartez bertoko tradizio industrialaren erakusleiho eta hausnartzeko topagune izateko helburuarekin sortu zuten museoa eta asmo horretan eragitea izango da arduradun berrien zeregin nagusia.
Rafa Zulaika donostiarrak 30 urteko ibilaldi luzea egina du museoen esparruan: Bilboko Arte Ederretakoan, Euskal Itsas Museoan, San Telmon baita Baionako Euskal Museoan. Horietan guztietan, zuzendaritzatik ala teknikari gisa, "museoen eta gizartearen arteko harremanei" lehentasuna eman diela jakitera eman dute museotik. Zulaikak Iker Garcia izango du lagun zuzendaritzan. Oraindik gazte izanagatik 15 urteko esperientzia pilatu du eibartar honek makina-erremintaren munduan, ondo ezagutzen duen sektorean.
2024rako egitaraua
Zuzendaritza berria hasia da 2024rako egitaraua prestatzeko lanean eta ekimen nagusienak aurreratu dituzte. Hasteko, bi euskal artista handiren mendeurrenek, Nestor Basterretxearenak eta Eduardo Chillidarenak, izango dute oihartzuna Elgoibarren, museoa bidaide izango baita bi artistok gogoratzeko ekimenetan. Era berean, museoak bat egingo du urtean zehar izango diren ondarearen inguruko ekitaldi garrantzitsuekin, hala nola Museoen Nazioarteko Egunarekin, maiatzean; eta, urrian egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldiekin, "euskal museoekiko lankidetza jorratuz".
Euskal Herriko gainerako museoekin harremanak sendotzea da lantalde berriaren helburuetako bat eta ildo horretan, duela egun batzuk aurkeztu duten "Museotik" euskal museoen plataforman partehartze "aktiboa" izango du Makina Erremintaren Museoak. Azaldu dutenez, "gure ondarea gizarteari zabaltzeko tresna ezinhobea baita plataforma". Museoaren bildumak erakusleiho birtual horretan plazaratuta, publikoak ondare hori non-nahi ezagutzeko aukera izango du. "Eta punta-puntakoa den ondarea dela gogoratzea komeni da, duela hamarkada batzuk biltzen hasi zen industri-ondare hori kasu askotan desagertu baita eta museoa da historia horren gordailu, bertan ikusgai dauden 1.824 objektuen eta dokumentuen bidez", gogora ekarri dute. Ikus hemen online dagoen Makina Erremintaren Museoaren bilduma
Komunitatearekiko harremanak sendotzea da beste helburuetako bat eta ikastetxeekin dituzten hartu-emanak, izan bisitak edo tailerrak, museoaren lagunekiko (ohorezko, enpresa eta partikularrak) arreta eta zerbitzua, eta sektorearen enpreseei begira dituzten eskaintzak egonkortu nahi ditu lantalde berriak. 2024ko lehen aste hauetan Sigma aretoan antolatu dituzten mintegiek eta Errementariaren aretoan zein Mekanizazio tailerraren areto nagusian izan diren hezkuntza bisitek urte osoan zehar izango dute jarraipena. Eskaerak telefonoz ala emailez egin daitezke. informazioa osoagoa: www.museoa.eus
Museoko ateak parez pare zabalik dituztela laga nahi dute argi Zulaikak eta Garciak. "Pertsona ororentzat irekita dago museoa, izan aditu edo izan industria-langile ohia, izan familiarra edota 'begiluze' soila, hemengoak izan zein ingurukoak ala kanpotarrak". Diotenez, gure historiaren atal garrantzitsu bat gertutik eta bizirik ezagutzeko parada ematen du museoak, "nondik gatozen ulertu, nora goazen jakiteko". Azkenik, ateak zabalik dituzten moduan, heritarren poposamenak jaso eta entzuteko ere prest dituzte belarriak, "denon parte-hartzearekin lortuko baitu museoak bere helburuak betetzea eta gizarteari zerbitzurik onena eskaintzea"