Agortu dira 'Almazenean' antzezlanerako sarrerak

Barren 2024ko ots. 16a, 15:47

Agortu dira sarrerak gaur Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Galartza aktoreek Herriko Antzokian emango duten Almazenean antzezlanerako. 19:00etan hasiko dute emanaldia. 

Gaixotasun batengatik behar baino aurretik erretiroa hartuko duen eskarmentudun enkargatu bat eta haren lekua betetzera datorren langile gazteago bat bilduko ditu Begoña Bilbao zuzendariak Almazenean lanean. Lanera emana bizi izan dena da bata, eta lana bizitzeko egin behar dela uste duena bestea. Iker Galartzak beteko  du aurrejubilatutako den langilearen papera, eta Zuhaitz Gurrutxagak iritsi berriarena. Hona hemen, BARRENeko papereko edizioan gaur Iker Galartzari egindako elkarrizketa.

 

Premia handirik ez duzue, sarreren salmenta oso ona izan delako, baina atarikoan esandakoaz gain zer beste aurreratu dezakegu zalantzan dabilen hori antzokira erakartzeko?


Ez dut jakitzen zer esan nik, egia esan. Arantxa Iturbek irratiko Arratsean saiorako egin zigun elkarrizketa entzun zuen lagun batek esan zidan kalte egin ziola horrenbeste informazio jakinda joateak antzokira; gutxiago jakinda gehiago gozatu zuela bere emazteak. Sinopsian aipatzen dute galtzaileen kontzientzia ageri dela, laneko esplotazioaren eta sistema kapitalistaren salaketa egiten dela, baina nik ez nuke halako hausnarketa sakonik egingo. Esango nuke gauza polit bat ikusiko duela antzokira datorrenak, istorio polita dela kontatzen dena, eta eguneroko eszenatik ezagunak egingo zaizkiola landuko diren kontu batzuk, baina bereziki hori azpimarratuko nuke: gauza polit bat ikusiko duela eta barre egingo duela. Nire pertsonaiak zerbait ezkutatzen duela nabarmena da hasieratik, baina Zuhaitz ere gezur txikiekin dator lantokira, eta gezurrena, batez ere geure buruei esaten dizkiegun gezurren kontu horrek, badu dramatik eta absurdotik.

Bi pertsonaien arteko gatazka eta gezur handi baten zama, isilune deserosoak... Horiek antzezlanean, baina zuei bioi behintzat ondo doakizuela dirudi.

Bi urte egin ditugu biran Lehendakari antzezlanarekin eta egia esan oso ondo konpontzen gara. Gozada bat da. Oso bestelako obrarekin gatoz orain, baina gustura. Istorio gordina da hau. Tragikomedia? galdetzen dute batzuek, eta ez dakit hori den, tragediatik asko duen arren. 'A zelako dramoia!', bota zidan aurrerakoan lagun baten amak, psikiatra bera, eta bada, baina almazen huts batean gozo arnasten den drama da, irribarrea ateratzen duena. Kontrapuntu hori badu. Hausnarketarako zer pentsatua ematen du istorioak, baina aldi berean, umore handiko lana da. Txalok proposatu eta testua irakurri genuenean biok esan genuen 'bai'. Ni adi egoten naiz antzezlanean zehar publikoaren erreakzioari eta engantxatuta sentitzen ditut. Ordu eta erdi irribarrez egoteko aukera paregabea ematen dugu.

Amaitu berri da Euskal Telebistan Gure Zirkuari buruzko saioa. Nola uztartzen dituzu zirkuko lana eta antzerkikoa?

Ondo. Antzezlan honekin lau bat hilabetez ibiliko gara hona eta hara, maiatzera arte, eta gero dator zirkua, beste zortzi hilabeterako lana.

Sua Enparantzarentzako topatu duzu bere neurriko lekua zirkuan. Zertan jarriko zenuke Zuhaitz?

Abila da gure mutil hau, mutil bizkorra da, eta zalantzarik gabe, harreran jarriko nuke Gure Zirkuan, txarteldegian.