Balirudike zure adineko batentzat mendiko eskia edo snowboarda erakargarriagoa dela iraupen eskia baino. Noiz eta zelan hasi zinen iraupen eskia egiten?
Txikitatik joan izan naiz autokarabanan eskiatzera gurasoekin eta 3 urte bete aurretik jantzi nituen estreinakoz eskiak. Umetan, mendiko eskia egiten nuen, baina asteburu batean iraupen eskia egitera joan ginen, gustatu zitzaigun, eta geroztik, iraupen eskia egiten dugu. Egia esan biak gustatzen zaizkit, baina iraupen eskia denok batera egin dezakegu familian, basoan, eta hori gustatzen zait.
Bidatz: Gogoratzen naiz 6-7 urte zituela Belaguan geunden batean nola esan zidan: 'Ama, zein ondo gauden hemen, denok batera, paisaia hauek ikusten, naturan'. Denoi eragin zigun gogoeta hark.
Azaldu iezaguzu mendiko eskiaren eta iraupen eskiaren arteko ezberdintasuna zertan datzan, eskia ez dakien batentzat bezala.
Mendiko eskia teleaulkian igo eta eskiatzen jaistea da, eta iraupen eskian norbere indarrez egin behar da dena. Igo, lauan ibili, eta gero, jaitsi. Lau motako eskiak daude: erdian, indar gehien egiten den lekuan, foka larrua dutenak, egokiak direnak igotzeko zein jaisteko; eskamadun eskiak, gero eta gutxiago ikusten direnak, lehen eskamadunekin ibiltzen zirenek ere orain fokadunak nahiago dituztelako; argizaridunak, txapelketetan dabilen jendeak erabiltzen dituenak, eta mikroporodunak, berrienak, baina
oraindik gutxi ikusten direnak. Nik normalean argizaridunak erabiltzen ditut, bai txapelketetan eta baita entrenatzeko ere. Fokadunak ere baditut, eta argizaria emateko asti gutxirekin nabilenean erabiltzen ditut entrenatzeko eta baita lasterketa aurretik beroketak egiteko ere, baina gehiago ez. Iraupen eskian, estilo klasikoa eta skating edo patinatze estiloa daude eta bietan lehiatzen naiz ni.
Bi estiloetatik zein duzu nahiago?
Nire ustez ez dago ezberdintasun handirik batetik bestera, baina beharbada, skatinga dibertigarriagoa da, modalitate azkarragoa delako. Baina moldatu, hobeto moldatzen naiz estilo klasikoan, eta emaitzak ere hobeak lortu ditut.
Iraupen eskian ona izateko zer ezaugarri behar direla esango zenuke?
Eskiatzean gorputz osoa mugitzen da, eta beraz, fisikoki ondo egotea eskatzen du eta hauspo ona izatea. Oso kirol konpletoa da. Teknika menperatzea ere garrantzitsua da. Ehuneko portzentaje handi batean teknika menperatzea da eskiatzen jakitea eta txikitatik eskiatzen ibili izanak laguntzen du horretan. Teknika aldetik nahiko ondo ikusten dut nire burua, baina oraindik ikasteko asko daukat.
Nazioartean lehiatzetik zatoz. Zer nolako esperientzia izan da Italiakoa? Estreinako aldia al da nazioartean lehiatzen zarena?
Ez. Iaz, Bessansen (Frantzia) izan ginen gure taldearekin harreman handia duten kataluniar batzuekin batera. Azkeneko bi azarotan joan naiz hara, denboraldi aurrean astebeteko egonaldia egitera; entrenatzera. Nazioartean lehiatu naizen lehenengo aldia aurten izan da, hala ere: Italian. Skiri Trophy lasterketa eta Marcialonga txapelketa jokatu ditut eta sekulako esperientzia izan da. Urduri joan nintzen, hemen zazpi lehiatzen garelako eta han berrehun inguru ginelako, eta oso maila handikoak asko. Ikusten ere jende asko zegoen eta antolaketa ere izugarria zen. Ikusten da han diru asko inbertitzen dutela lasterketa hauetan, telebistaz ere bota zutelako.
Euskadiko selekzioarekin joan zara. Zer giro topatu duzu selekzioan?
Oso giro ona. Batzuk ezagutzen nituen bistaz, baina denak oso jatorrak iruditu zaizkit. Oso entrenamendu gogorrak egin ditugu, luzeak eta exijenteak eta bizkarreko minez bukatzen nuen. Paisajea ere ikusgarria zen. Dolomitak eta...
Euskal Herrian badago iraupen eskirako afiziorik?
Bidatz: Azkeneko urteetan esango nuke behera egin duela. Umeak zaletu nahi izan genituenean, ibili ginen geu ere talderen baten bila, eta dei batzuk ere egin genituen lehen eski taldea zuten klubetara, Eibarko Klub Deportiboraeta, baina ikusten genuen ez zegoela talderik ume-umetatik hasten zenik lanean. Uzturre taldea badute Tolosan, baina han ere, guk dakigula behintzat, ez dute egitura oso bat umeei txikitxikitatik erakusten hasteko. Eta bila ari ginela Irrintzikoekin topo egin genuen. Iruñekoak dira, baina eskuzabalik hartu gaituzte nafarrak izan ez arren. Gaur gaurkoz, ez dugu topatu Iruñeko Irrintzi taldeak eskaintzen duen besteko egitura duen klubik Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian, eta horregatik sortu nahi izan dugu Irrintziren adarra den Ipar Irrintzi. Oso ume direla hasi daitezke Irrintzin eskiatzen ikasten, eta gero lehiaketara ere bideratzen dituzte hala nahi dutenak. Egia esan guk geuk ere ez genuen uste txapelketa mundu honetan sartuko ginenik gure umeak eskiatzen hasi zirenean, baina hemen gaude. Ikusten genuen Irrintzi taldean gero eta gipuzkoar gehiago zeudela adibidez, baina nafarrak zirenek bazituztela abantaila batzuk guk ez genituenak. Besteak beste teknifikazio saioetan parte hartzeko aukera zuten eta baita beka batzuk eskuratzeko aukera ere. Anddek ez zituen abantaila horiek eta linbo moduko batean geunden. Ikusten genuen gure Federazioaren barruan egon beharko genukeela guk ere, abantaila horiek lortzeko, eta horregatik sortu genuen Ipar Irrintzi. Momentuan bi familia gaude federatuta Ipar Irrintzin, baina badaude beste bost-sei familia ere gure taldean. Gure asmoa taldea handitzea da. Horregatik dei egiten diet beren umeak iraupen eskia egiten hasi nahiko luketenei taldera gerturatzera. Irrintzin 6 bat urterekin hasten dira umeak eskiatzen ikasten, eta gero, behin 10-11 urte betetakoan, txapelketetarako prestatzen hasten dira, nahi baldin badute.
Zergatik uste duzu eman dela jaitsiera hori?
Urruti daukagulako elurra. Erronkarikoak elurretan bizi dira, eta aukera dute eskolatik irten eta Belaguara igotzeko, baina guk lau orduko bidaia egin behar dugu astero-astero autokarabanaz eta gastu handia da hori. Hasieran gu ere ez ginen astero joaten, eta eskiatzeko eskola-egunak zituztenean bakarrik egiten genuen Belaguarantz, baina badakizu zer den hau: gustatu eta... Guk oso giro ona topatu dugu. Familia asko gara autokarabanaz mugitzen garenak eta hara-hona ibiltzen gara, lasterketa egutegiaren arabera. Irrintziko eski eskolak, hori bai, normalean Somporten izaten dira. Aurten, elur faltagatik, Somport itxita dute, baina, eta Belaguan ari dira eskolak jasotzen. Elurrik ez dago, baina egia da estazio batzuetan beste batzuetan baino lan handiagoa ari direla egiten dagoen elur hori zaintzeko eta horretan Belaguako estazioa eredugarri ari da. Iraupen eskiak ez dauka tiradizo handirik ere, eta horrek ere eragina dauka. Beste kontu bat ere badago: beste kiroletan, dela futbolean eta eskubaloian esaterako, konpromiso handia eskatzen diete umeei, behin 10 urte betez gero. Ume horiek ez dute aukerarik izaten beste kirol bat probatzeko, astebururo izaten dituztelako partidak. Are, familia-plan bat egiteko aukerarik gabe ere gelditzen dira askotan, eta hori niretzako arazo bat da, kirol horiek gizartean duten indarragatik beste ate batzuk ixten dizkietelako umeei.
ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1317. zenbakian
*Argazkia: Fermin Maeztu.