Lan erdiak eginda, sailkapenaren erdialdean

Barren 2024ko ots. 16a, 08:45

Liga erdia jokatu dute dagoeneko C.D. Elgoibarko talde nagusiek, gizonezkoen zein emakumezkoen Haundi taldeek. Ohorezko Erregional Mailan lehiatzen ari dira bi taldeak, eta sailkapenaren erdialdean daude. Sentsazio desberdinak dituzte, baina, bi entrenatzaileek. Orain arte egindakoarekin gusturago dago Andoni Duarte, emakumeen taldeko entrenatzailea, eta sentsazio gazi-gozoagoak ditu gizonezkoen entrenatzaile Iosu Guineak.

Hamasei talde ari dira lehian Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan, eta 17 jardunaldi jokatu ostean 10. postuan dago Emakumezkoen Haundi taldea, 20 punturekin (6 partida irabazi, 2 berdindu eta 9 galduta). Ligako irabazleak zuzenean lortuko du igoera eta igoerarako fasea jokatuko du bigarrenak, Bizkaiko eta Arabako txapeldunordeen aurka. Antiguoko eta Mariño Real Union taldeak daude une honetan sailkapeneko lehen bi postuetan, 48 eta 46 punturekin; eta, alde nabarmena ateratzen diote hirugarren postuan dagoen Urola taldeari (34 puntu). Hiru taldek galduko dute maila eta zazpi puntuko aldea dute elgoibartarrek jaitsiera postuak ixten dituen Hernanirekiko. Elgoibartarrek iaz lortu zuten Ohorezko Erregional Mailara igotzea eta ondo egokitzen ari direla uste du Andoni Duartek. "Denboraldi erdiko balorazioa positiboa da, igo berriak garela aintzat hartuta". Talde guztien aurka jokatu ostean, Mariño eta Antiguoko taldeak beste guztien gainetik daudela dio, baina gainerakoen artean parekotasun handia dagoela. Etxeko partidetan erakutsitako mailarekin dago pozik, bakarra galdu baitute. Aldiz, asko kostatzen ari zaie etxetik kanpo emaitza onak eskuratzea. Oro har, sailkapenean merezi duten lekuan daudela iritzi dio: "Horixe da orain arte egin dugun lanaren ispilua". Mailari eustea dute helburu, eta jokalariak maila honetako jokora egokitzea, urte askoan kategoria honi eutsi ahal izateko. 


 
 Hasiera gorabeheratsua 


 Gizonezkoen Haundi taldea 9. postuan sailkatuta dago (7 partida irabazi, 5 berdindu eta 9 galduta), 21 jardunaldi jokatu ostean. Gizonezkoen Erregional Ohorezko Mailan 18 talde ari dira lehian eta 34 jardunaldi jokatuko dituzte. Haundik 22 puntura du liderra, Aretxabaleta, eta, zazpi puntuko aldea dute jaitsiera postuetan dauden taldeekiko. Hiru taldek galduko dute maila, baina aukera handiak daude laugarren talde batek ere koska bat beherago egiteko, izan ere, sailkapenaren zuloan daude 3. mailan lehiatzen ari diren talde gipuzkoar bat baino gehiago, Añorga, Pasaia edo Anaitasuna bera, esaterako.

Benetan balio duen balorazioa denboraldi bukaeran egin behar dela uste du Iosu Guinea entrenatzaileak. Halere, gauza bat du argi: sailkapenean dauden tokian baino gorago egotea gustatuko litzaiokela. "Baina, bolaraka joan da ligako lehen erdia, hori da errealitatea. Bolara ona lehen 6-7 partidetan eta gero bolara oso txarra; zazpi partida eman genituelako irabazi gabe. Gorabehera horien ondorioz gaude sailkapenean erdialdean, eta sailkapenak ez dio gezurrik. Baliteke partida gutxi batzuetan gehiago edo gutxiago merezi izana, baina liga moduko txapelketa luzeetan merezi duen lekuan amaitzen du talde bakoitzak". Gabonak arte jokatu zituzten hamasei partidetan gol gutxien jaso zuen taldea izan zirela zehaztu du, Mutrikurekin batera. "Egin genuen taldelan hori balioan jarri nahi dut. Aldiz, Gabon ostean etxetik kanpo jokatu ditugun hiru partidetan gol asko jaso ditugu. Hamasei partida haietan 13 gol jaso bagenituen, urtea hasi denetik jokatutako bost partidetan 16 gol egin dizkigute. Datu horiek erakusten digute non daukagun hobetu beharra".

Aurrera begira, Mintxetan jokatu eta irabazi dituzten azken hiru partidak iparrorratz ona direla adierazi du Guineak, "berriro ere talde sendo bat" izateko bidean. Nabarmentzekoen atalean, jokalarien jarrera eta lanerako gogoa goraipatu ditu. "Ilusioarekin datoz entrenatzera eta talde giro sanoa dago. Ezinbestekoa da ondo funtzionatzeko, eta oso pozik gaude". Guineak aitortu du sailkapeneko aurreneko postuetan ibiltzea zela denboraldia hasi aurretik zuten helburua eta momentuz ez direla betetzen ari. Mailari eusteko puntuak lehenbailehen lortzean dute orain premiarik handiena. "Behin hori lortuta, denboraldia ahalik eta ondoen amaitzea gustatuko litzaidake, sailkapenean ahal dugun goren eta sentsazio onekin. Halere, baditugu sailkapenetik harago doazen helburuak ere. Talde moduan hazi eta hobetu nahi dugu eguneroko lana abiapuntutzat hartuta. Oinarriak finkatzea, alegia".

Astebukaerako partiduak.

Otsailak 17, larunbata.

9:30etan Mintxetan.
KADETE "B" - IKASBERRI

10:30etan Tolosan (Usabal)
TOLOSA - INFANTIL TXIKI

11:15etan Ordizian (Altamira anexo)
ORDIZIA - INFANTIL HANDI

11:30etan Mintxetan.
INF.NESKAK F11 - TOURING

13:00etan Aretxabaletan (Ibarra)
ARETXABALETA "B" - KADETE "C"

13:15etan Mintxetan.
INFANTIL "A" - LAZKAO

15:00etan Pasaian (Trintxer)
SANPEDROTARRA - REGI

15:30etan Mintxetan
HAUNDI MUTILAK - ORDIZIA

15:30etan Irunen (Ugalde-Ventas)
MARIÑO - OHOREZKO KADETE NESKAK

17:30etan Mintxetan
HAUNDI NESKAK - INTXAURDI

17:30etan Azpeitian (Garmendipe, anexo 2) 
IKASBERRI - INFANTIL "B"


Otsailak 18 Igandean


Goizez 
FUTBOL ESKOLA

9:30etan Ordizian (Altamira, anexo)
GOIERRI GORRI "D" - INF.NESKAK F8

10:00etan Eibarren. (Unbe sup)
URKI - ALEBIN ERRENDIMENDU

16:00etan Mintxetan.
OHOREZKO JUBENILA - TOLOSA "B"

18:00etan Mintxetan.
OHOREZKO KADETE MUTILAK -
ANAITASUNA

PRIMERA JUBENILA atsedena.