Azaldu dutenez, lankidetza horretan aitzindariak eta erreferenteak izan dira unibertsitateko prestakuntza dualean, eta prestakuntza-eskaintza berritzailea eta abangoardiakoa eskaini dute.
Berrikuntza horrek Debabarreneko Eskualdeko unibertsitate-eskaintza indartzen du, eta lankidetza-esparruak sustatzen ditu prestakuntza dualean bertan, Lanbide Heziketa-Unibertsitatea harremanean eta etengabeko prestakuntzan, eskualde-garapenari eta lurralde-orekari lagunduz. "Euskal Autonomia Erkidegoko industria-garapenerako garrantzi handia duten makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren sektoreetan unibertsitateko hezkuntza-eskaintza indartzea da lankidetzaren ardatza", adieraxi dute.
Laura Vozmediano, Euskal Herriko Unibertsitateko Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordearen esanetan, Elgoibarreko Ingeniaritza Dualeko Eskolarekin zentro atxiki gisa jarraituz, UPV/EHUk estatu osoko gradu eta master dual "aitzindariak" eskaintzen jarraituko du, "bikaintasun akademikoa eta industriara bideratutako prestakuntza praktikoa uztartzen dituztenak". Halaber, "Lanbide Prestakuntza-Unibertsitatea" prestakuntza-ibilbideetan ere lankidetzan jarraitzeko asmoa dutela berretsi dute, eta aurreratu dutenez, arlo horretan prestakuntza berri bat jarriko dute abian datozen hilabeteetan. "Pozgarria da gure aliantzarekin jarraitzea, garapen teknologikoaren eta Eskualdeko berrikuntzaren aldeko apustua eginez, ikasleei, profesionalei eta, oro har, industria-sektoreari mesede eginez ".
Ixaka Egurbide, Ingeniaritza Dualaren Eskolako zuzendariak azpimarratu du, hitzarmenean jasotako prestakuntza-eskaintzak barnean hartzen dituela Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Ingeniaritzako Gradua eta Fabrikazio Digitaleko/Master in Digital Manufacturing unibertsitate-masterra, biak unibertsitate-ikasketa ofizialak. Gainera, etengabeko eta bizitza osoko prestakuntza-programak eskainiko dituzte, "industria-sektorearen premiei erantzuteko diseinatuak, bereziki fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren esparruan, eta horren adibide da Fabrikazio Aditiboko unibertsitate-espezializazioa”.
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ingeniaritza Dualaren Eskolak hezkuntza-kalitatearekiko, ikerketa aplikatuarekiko eta garapen teknologikoarekiko konpromisoa partekatzen dute. Hitzarmen hau aurrerapausoa da ikasleentzat aukerak sortzeko eta mundu akademiko eta industrialen artean lotura sendoak ezartzeko, eta, horrela, hazkunde ekonomikoa eta berrikuntza bultzatzen dira sektorean.