Elgoibar Lagunkoia taldea osatzeko deia egin dute Udaletik

Barren 2024ko ots. 15a, 11:22

Adineko pertsonen arreta jarriz, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko sortu zuen Lagunkoia Sarea Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Politika Sailak, eta Elgoibar Lagunkoia proiektua 2018ko urrian batu zen sare horretara.

 Elgoibarko diagnosia egitea izan zen proiektu horren baitan herrian egin zuten aurreneko gauza, eta horretarako 647 inkesta zabaldu zituzten Elgoibarren hainbat eragilek, tartean pertsona nagusien zaintzan inplikatutako erakundeek eta adinekoekin gertuko harremanak zituzten norbanakoek. Ondoren, hainbat ekintza gauzatu zituzten, diagnostikoan oinarrituta. Besteak beste, jaso zituzten proposamenen emaitza izan ziren parkeetan barandak egokitzea, entzumen-arazoak dituzten pertsonentzako Herriko Antzokian begizta magnetiko bat jartzea, pertsona nagusiei zuzendutako Interneten erabilerari buruzko prestakuntzak, ibilgailuen abiadura mugatzea, ispiluak kurba itxietan estrategikoki kokatzea e.a. Halaber, talde eragileko kideek egindako lanen artean, honako ekintzak nabarmendu dituzte: 

  • Heriotzari buruzko ekintzak.
  • ‘Establezimendu Lagunkoia’ ekimena.
  • Elgoibar Lagunkoiak burututako tratamendu medikuetarako eta produktu farmakologikoetarako dirulaguntzei buruzko informazio-kanpaina.
  • Elgoibar Lagunkoiak burututako ‘Zure txakurra, zure ardura’ kanpaina, herritar eta txakurren arteko bizikidetzan sakontzeko.
  • Piktogramak margotzea oinezkoen pasabideetan, autismoa zein narriadura kognitiboa duten pertsonen autonomia sustatzeko.
Izena emateko


Orain, Elgoibar Lagunkoia proiektua ezagutarazteko beste ahalegin bat egin nahi dute Udaletik, bai eta talde berria osatzeko saiakera ere. Egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), otsailaren 20rako (martitzena). Izena ematen duten herritar guztiei bakarkako elkarrizketak egingo dizkiete gero, bakoitzaren espektatibak eta interesak ezagutzeko. Elkarrizketak, otsailaren 22an eta 27an egingo dituzte Jubilatuen Biltokiko Bilera Gelan. 
Prozesu honen ostean, talde eragilea osatuko dute, gehienez 20 lagunekoa. Talde eragile hori hilabetean behin bilduko da, Elgoibarren hobetu nahi diren gai jakin batzuei buruz hitzteko. Bilera horiek nagusientzako programak diseinatzen eta garatzen dituzten Bizipoz kooperatibakoek dinamizatuko dituzte. Informazio gehiagorako:  943 741 050 / arreta@elgoibar.eus.

Egitasmoa aurkezteko bideoa: