Hil bukaerara arte egongo dira ikusgai Vicente Guinea argazkilari eta naturzale elgoibartarraren irudiak. Argazki bakoitza non atera zuen eta bertan ageri den zuhaitza zer espezietakoa den zehazten ditu Guineak irudi bakoitzaren ondoan.
Argazkilari elgoibartarrak urteak daramatza zuhaitz berezien bila, horiek argazkitan jasotzeko. Animalien forma bitxiak bilatzen ditu zuhaitzetan, pagoetan batez ere, eta “Animarbolak: irudimena askatzeko formak” argazki bilduma izan zen bilaketa horren emaitza, duela urte batzuk. Horrez gainera, Euskal Herrian dauden zuhaitz erraldoiei eta bereziei ere atera dizkie argazkiak. Neurria, adina, historia, edertasuna edo egoeragatik aparteko edo azpimarratzeko ezaugarriak dituzten zuhaitz aleak dira Guineak bilatzen dituen zuhaitz berezi horiek. Kilometro asko egin eta ordu asko pasa ditu aparteko zuhaitz horien bilaketan, eta sarritan behin baino gehiagotan itzuli da horietara, gustuko argia edo urteko sasoia topatu arte.
Zuhaitz erraldoiei eta bereziei ateratako argazkiekin osatutako bilduma Iruñeko Ingurumen Hezkuntzako Museoan jarri zuen estreinakoz jendaurrean, 2022ko urrian.