Tantaka tabernak antolatu du kontzertua eta tabernaren atarian izango da Rablondy-ren eta Oier Gurrutxagaren emanaldia, 19:00etatik aurrera.
Kontzertua emateaz gainera, Oier Gurrutxagak azken aldian bere proiektu desberdinetan sortu dituen diska, abesti eta bideoplikak ere aurkeztuko ditu. Saldu ere egingo ditu, baina ez ohiko formatoan. Pendrive batean bildu ditu bere azken sorkuntzak, origami estiloko karatulekin batera. Izan ere, abesti eta bideo berri horiek ez ditu jarriko ikusgai plataforma digitaletan.
Batetik, Dido Mod izen artistikopean sortu duen bilduma sartu du pendrivean. Gurrutxagak hamar rap abesti sortu ditu, eta hiru bideoklip ere bai: Izen artistikoaren jatorrian dagoen "joDIDO MODernillo" abestiaren bideoklipa, "Fukin Hipster Hop' abestiarena eta "Txorro Morro" abestiarena. Euskarazko rapak dira bildumako zazpi abesti. Dido Mod proiektuan rapa eta gitarra flamenkoa uztartzen ditu Gurrutxagak.
Musika elektronikoaren sorkuntzan ere badabil artista elgoibartarra, eta Anarkotronik izenpean landu dituen hiru abesti sartu ditu aurrez aipaturiko pendrivean. Horietako abesti bat, S'Aigua Blanca, estreinatuko du gainera zapatuko kontzertuan, "festa giroan dantza egiteko", aurreratu duenez. Abesti hori badauka Spotify plataformara igota. Bihar zuzenean entzuteko aukera izango da.