Denboraldiaren lehen zatiaz balorazio positiboa egin du Alcortako entrenatzaile Zigor Esnaolak. Mailaz jaitsi ostean, Euskal Ligara egokitzea eta aurkariak ezagutzea izan dute lehen lana, ez baitzuten erreferentziarik. Kategoriaz jaitsi den talde batek egin dezakeen akatsik larriena aurkariak gutxiestea eta gauzak egintzat ematea dela dio Esnaolak, eta horixe transmititu die jokalariei hasieratik. "Gure usteak bete dira eta sailkapena begiratu besterik ez dago liga oso lehiakorra dela ikusteko, aldeak oso txikiak baitira. Gureari erreparatuta, bigarren taldeko jokalariekin bete dugu taldea laga zutenek utzitako lekua, eta egokitzapen lan bat eskatzen du, denok elkar ezagutzeko. Alde horretatik pozik nago, talde lehiakor bat egin baitugu guztion artean", azaldu du Esnaolak. Akatsetatik ikasten dakien taldea direla gaineratu du eta euren jokoa egiten dutenean eroso jokatzen dutela eta igarri egiten dela emaitzetan ere.
Igoera fasea jokatzeko sailkatzea da taldearen helburua, eta ligako lehen bi sailkatuek lortuko dute hori. Salbuespen batekin: Zarautzek ezingo du igoera fasea jokatu, goiko kategorian diharduen taldearen fi liala baita. Une honetan bigarren postuan daude zarauztarrak. "Seigarren postuan gaude gu 15 jardunaldi jokatuta [26 dira guztira], eta lau puntu gehiago ditu Zarautzek. Zumaia dago lidertzan, oso sendo, 26 punturekin. Ez ditut hortik behera egiten ikusten, eta hortaz, bigarren postuagatik borrokatu beharko dugu gainerakook. Usurbil, Urdaneta eta gu gaude borroka horretan. Gure jokoa egiten jarraitzen badugu, gugan sinistuta, ziur naiz azkenera arte borrokatuko dugula, jokalariek behin baino gehiagotan erakutsi dutelako gai direla, eta egunerokoan ere, entrenamenduetan, hobekuntzak ikusten ditudalako. (ikus sailkapena)
Sailkapenaz harago, baina, talde moduan hastea da gure beste helburu nagusia. Jokatzeko modua finkatu eta erregularrak izatea". Taldekide guztien konpromisoa nabarmendu du entrenatzaileak eta Sanlok dituen baloreetan eredu eta isla izan behar duela lehen taldeak; alegia, ahalegina, konpromisoa, errespetua eta talde lanaren ikur izan behar dutela behetik datozenentzat. "Ikusten ditut balore eta balio horiek taldean islatuta, bai jokalariak eta baita taldea gidatzen laguntzen didaten pertsonak ere ehuneko ehunean daude konprometituta. Horri ematen diot nik baliorik handiena, besteak beste, izugarri errazten duelako nire eginbeharra eta eskertzekoa da, benetan".
MALAPE, LAUGARREN
Malape Elgoibarreko entrenatzaile Lorea Gabilondo ere pozik dago taldeak ligako lehen zatian eman duen mailarekin. Lehen itzulirako helburua oinarriak finkatzea eta beste taldeekin lehiatu ostean euren maila zein den jakitea izan dela dio, gizonezkoek moduan, maila galdu baitzuten aurreko denboraldian, eta estreinakoz ari baitira Euskal Ligan. "Kategoria oso polita izaten ari da, parekotasun handia baitago eta partida guztiak borrokatu behar dira. Taldea primeran egokitu da Euskal Ligara eta gero eta erosoago ari gara".
Bigarren itzulirako defentsako lanean jarri nahi du arreta Gabilondok. "Sendotasun handiagoa eduki behar dugu defentsan, partida bat irabaz dezakezulako erdipurdiko defentsa batekin, baina defentsan dago lorpen handien abiapuntua". Ligako lehen bi sailkatuek jokatuko dute Zilarrezko Mailara igotzeko fasea, baina lidertzan dagoen Ameztoi Zarautzek ezin du mailaz igo, dagoeneko badutelako taldea goragoko kategorian. Hortaz, sailkapenean aurretik dituzten Bera Bera eta Berango Urduliz taldeengana ahalik gehien hurbiltzea izango da Malape taldearen helburua ligako azken txanpa honetan. "Aurten zaila izango den arren, azkenera arte borrokatzea da gure helburua. Argi daukadana da, daukagun talde honekin, luze gabe jokatuko ditugula igoera faseak, aurten ez bada hurrengo denboraldian".
Talde oso gaztea dela gogora ekarri du Gabilondok, iaz zerotik abiatu baitzuten proiektu berria. Alabaina, senior mailara ondo prestatuta iristen ari direla azpimarratu du. "Kategoriako talderik gazteena daukagu, alde handiarekin, baina gazte ausartak ditugu eta beldur eta konplexurik gabe egiten diete aurre partida guztiei". Taldeak erakusten dituen borrokarako gogoa eta taldekideen konpromisoa goraipatu ditu entrenatzaileak. "Jokalariak egiten duten ahalegin gabe, oso zaila litzateke hau aurrera eramatea. Kanpoan ikasten ari direnak ere, astean bi aldiz entrenatzen dira hemen. Santanderren ikasten ari den gure jokalari batek Santanderreko Pereda taldearekin entrenatzen da aste barruan eta gurekin barikuetan. Astean lau aldiz entrenatzen dugu, horietako saio bat gimnasioan. Konpromiso maila handia eskatzen du horrek. Aintzat hartzekoa eta eskertzekoa da".