Ipar Irrintzi eski taldeko kidea iraupen eskiko Euskadiko selekzioarekin lehiatu da oraingoan, Italian jokatu dituzten hainbat lasterketetan. Skiri Trophy lasterketa izan zen horietako bat, Tesero eski estazio inguruan jokatzen duten nazioarteko lasterketa. Urtarrilaren 21ean izan zen. 16 urtez azpiko mundu osoko iraupen eskiatzaileek hartzen dute parte proban, Italia bertakoak, Alemaniakoak, Suitzakoak, Esloveniakoak, eta baita Euskal Herriko eskiatzaileek ere. 191 eskiatzaile lehiatu ziren eta Thomas Gaole izan zen azkarrena. Eskiatzaile elgoibartarra 71. postuan sailkatu zen, irabazlearengandik bi minutura.
Lehen lasterketa horren ostean, astebeteko egonaldia egin zuen Elizburuk Italian, Euskadiko selekzioarekin entrenamendu saioak eginez, urtarrilaren 27an jokatu zuten Marcialonga Young txapelketa prestatzeko bereziki. Distantzia luzeko iraupen eskiko lasterketen artean klasiko bat den probaren gazteentzako bertsio laburragoan lehiatu zen, Val di Fiemmen, Dolomitetan. 50 partaide italiar izan zituen lasterketak, eta Andde Elizburu izan zen kanpotar bakarra. 21. postuan sailkatu zen. Esperientzia "ederra" izan da Andderentzako, alde batetik Euskadiko selekzioarekin lehen deialdia izan duelako eta bestetik nazioarteko lehen esperientzia izan duelako.
Espainiako sprint txapelketa
Italiatik bueltan, eta ia atseden hartzeko astirik gabe, joan den asteburuan Baqueira Bereten (Lleida, Herrialde Katalanak) jokatu zuten Espainiako sprint txapelketetan lehiatu zen Elizburu. Finalerako sailkatu zen arren, podiumera igotzeko atarian gelditu zen, laugarren saiilkatuta. Igandean, berriz, distantzia luzeko Marxa Beret proban parte hartu zuen, 10 kilometroko distantzian. 166 eskiadoreen artean 20. postua lortu zuen elgoibartarrak. Nagusien artean Imanol Rojo eta Irati Cuadrado izan ziren garaileak.