Musika eskolakoek jaurtiko dute Elgoibarko inauteriei hasiera emango dien txupina eguen honetan, otsailaren 8an. Musika eskolako atarian izango da, 17:15ean. Ondoren, Beti Sua txarangak gidatutako kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena, eta Maalaraino joango dira. Han, Gazteen Bandaren emanaldia eta dantzak egingo dituzte. Ikasleek "Mi vida es un Carnaval" kantuarentzako prestatu duten koreografia dantzatuko dute jendaurrean. Maalatik Kalegoen plazaraino joango dira, kalejiran, eta Celia Cruz abeslariaren kantu bat dantzatuko dute plazan. Handik musika eskolara itzuliko dira berriro. Euria egingo balu, Maalako parkean egingo dituzte prestatu dituzten saio guztiak.
Musika eskolakoak duela hiru urte hasi ziren eguen zuri eguna era honetan ospatzen.
Inauteriak Ludotekan eta Gaztelekuan
Era berean, Ludotekan eta Gaztelekuan gaur, hilak 6, hasiko dituzte inauterietako prestaketak. Mozorroak prestatu eta lokalak apainduko dituzte eta beste zenbait ekintza ere egingo dituzte. Ondoren, hilaren 10ean, mozorro bazkaria egingo dute ludotekan, 12:00etatik 16:30era, eta egun berean, gaztelekuan Just Dance txapelketa egingo dute 17:00etatik 19:00etara.