Udaletik azaldu dutenez, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernua lankidetzan aritu da azken hilabeteetan Uraren Euskal Agentziarekin eta Gipuzkoako Urak erakundearekin. “Hasieratik, gure konpromisoa izan da bermatzea Altzolako etxebizitza guztiak sartuta daudela proiektuaren barruan”, nabarmendu du Ion Zubiaurre Hirigintza zinegotziak.
URA agentziak saneamendurako egitasmoa aurkeztu zuen 2023ko ekainean, eta Altzolako zenbait eraikin proposatu zuten saneamendu-saretik kanpo geratzen zirela atzeman zuen Elgoibarko Udalak, eta horren berri zion URAri. Era berean, ohar hori 2023ko abuztuaren 29an aurkeztutako udal-txosten tekniko batean formalizatu zutela zehaztu dute Udaletik. 2023ko urriaren 20an jaso zuten erantzuna URAtik, eta "hor argitu zuten kolektore orokorraren definizioa proiektuan jasota zegoela, eta Udalari zegokiola sarea bereiztea eta bigarren mailako sarea gauzatzea". Harrezkero, lankidetzan aritu dira eragile desberdinak eta batzar bat ere egin zuten Donostian, joan den abenduaren 14an. Uraren Euskal Agentziako, Gipuzkoako Urakeko eta Elgoibarko zein Mendaroko udaletako ordezkariak eseri ziren mahaiaren bueltan, lankidetza akordio bat eztabaidatzeko, eta aurrekoari lotutako proiektu berri bat egitea adostu zuten, "Altzolako etxe guztiak saneamendura konektatu ahal izatea bermatzeko".
Akordio horren zirriborroa hiru erakundeen esku dago dagoela argitu dute, eta laster sinatzea espero dute. “Informazio hori Udal Gobernuak EH Bilduri jakinarazi zion. Beraz, uste dugu EH Bilduk urtarrilaren amaieran proposatutako alegazioa, Altzolako etxebizitza guztiak proiektuan sartzea bilatzen duena, dagoeneko aintzat hartu dela eta inplementazio prozesuan dagoela Udal Gobernuaren kudeaketari esker”, adierazi du Zubiaurrek. “Gaur egun, proiektua alegazio-fasean dago. Nabarmendu behar da edozein alegazio gehigarrik atzeratu dezakeela lanen hasiera, Mendaroko Udalak egingo duela aurreratu duen bezala. Elgoibarko Udal Gobernuak gardentasunarekin eta lankidetzarekin duen konpromisoa berresten du, eta oposizioko taldeari eta inplikatutako eragile guztiei dei egiten diegu ahalegin horiekin bat egin dezaten, betiere zintzotasunez eta Altzolako eta Elgoibarko herritarrentzako interesik onena bilatuz”, gaineratu du Hirigintzako arduradunak.