Dozenaka film sortu ditu azkeneko urteotan, eta sari eta aipamen bereziak ere jaso ditu, besteak beste Donostiako Zinemaldian. Bera da Mendaroko Lumiere Minutua tailerraren sustatzaile nagusia, Uztargi tabernaren eta Galle-tiak gozotegiaren laguntzarekin. Urtarrilaren 20an egingo dute lehiaketa eta hilaren 18ra arteko epea dago izena emateko.
• Parisko Nouvelle Sorbonne unibertsitatean egin zenuen doktoretza, Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean dokumentalgintzan masterra, eta geroztik hara-hona ibili zara munduan, zinemagintzan. Zerk ekarri zaitu Mendarora?
Kasualitateak. Donostian bizi izan naiz oraintsu arte, baina azkeneko urteotan erabat aldatzen ari da hiria, turismo negozioen mesedetan. Etxe bat alokairuan hartzea izugarri garestia da han, eta ia ezin da kafe bat hartzera tabernara jaitsi ere. Gogaitzen hasita nengoen, eta aldaketa bila ari nintzela, Mendarora etortzeko proposamena egin zidan lagun batek. Aurrez sekula egon gabea nintzen hemen, baina Arrasatetik gertuago nengoen hona etorrita, eta aldi berean, itsasotik pauso batera ere bai, itsasoaren influentziapean nagoelako orain, olatuak hartzeko dudan afizio horregatik. Eta bat-batean, hemen nago, lasaitasun ederrean, Donostiako kaos turistiko horretatik aparte. Zinema bakarrik falta zaio Mendarori! Uztargi tabernako Juli [Julian Segundo] ezagutu nuen iritsi eta bat, eta berehala egin genuen harremana, kultur kontuak gustuko dituelako berak ere. Konturatu nintzen jendea mugiarazteko eta estimulatzeko gaitasuna zuela Julik, eta hasi ginen elkarrekin zerbait sortzeko ideiari bueltaka. Proiektu ezberdinez hitz egin genuen eta honi eman genion forma aurrena. Begira Elkartearekin egina daukat pare bat urtean tailer hau, Bilbon.
• Tailerra, lehiaketa... Zer da zehazki Lumiere Minutua?
Larunbat goiz baterako plana da proposatu duguna, lau bat orduko tailer praktikoa. Zinemaren aitzindaritzat ditugun Lumiere anaiek zer egin zuten ezagutaraztea da helburua. Zinemaren historian zehar bidaia antzeko bat egingo dugu eta sorreratik gaur arte izan diren joera eta estilo ezberdinen errepaso azkar bat egingo dugu. Ordubete inguruko sarrera-hitzaldi bat egitea daukat pentsatuta, eta saiatuko naiz datozenen irudimena pizten, adibide batzukin lagunduta. Ondoren, gaur egun horrenbesteko dependentzia sortzen diguten eskuko telefono horiek sormenerako tresna gisa erabiltzen saiatuko gara. Lumiere anaien estiloan, minutu bateko grabazioak egitea eskatuko diegu tailerrean parte hartuko dutenei; hau da, toma bakar batean, editatu gabe, gehienez minutu bateko iraupena duen istorio bat grabatzea. Pare bat orduko tartea izango dute horretarako, eta ondoren, grabazio guztiak proiektatu eta taldean komentatuko ditugu. Konfiantza giro horretan barre, negar edo behar dena egingo dugu. Uztargi tabernan egingo dugu tailerra. Sariketa itxura eman nahi izan diogu tailerrari, eta, bai, sariren batzuk izango dira; baita mokadua ere, Uztargi tabernaren eta Galle-tiak gozotegiaren eskutik.
• Teknologia berriek, eta bereziki, eskuko telefonoaren erabilerak eragina izan dute gure kontsumo ohituretan. Minutu gutxiko bideoetara egin gara, baina ikustea eta sortzea ez da gauza bera. Aholkuren bat emango al zeniguke Lumiere Minutu bat grabatzeko? Zeintzuk dira baldintzak?
Grabaziorako gaia librea izango da, baina izena ematen dutenen arabera zehaztuko ditugu gero oinarriak edo joko-arauak. Pertsona batzuek behar izaten dute norbaitek gidatzea; behar izaten dute baldintzak ahalik eta zehatzenak izatea, eta beste batzuk, aldiz, erosoago sentitzen dira
askatasunean. Jolasteko eta esperimentatzeko bidea eman nahi dugu Lumiere Minutuan, eta esango nieke begiratzeko ingurura eta saiatzeko
kontatu nahi luketen hori kontatzen.
• 25 lagunentzako lekua izango da gehienez. Zeini zuzenduta dago ekimen hau?
Eskuko telefonoa erabiltzeko gai den edonork parte hartu dezake, adina edozein duela ere. 25 laguneko muga jarri dugu Uztargi tabernan egingo
dugulako tailerra. Lumiere anaiek eurek ere taberna batean egin zuten beren estreinako zinema emanaldia, Parisen, eta guk eutsiko diogu horri
[1985eko abenduaren 28an izan zen, Grand Cafe tabernan].
• Irudimena landu eta sormena sustatzea jarri dituzue helburutzat. Biak ere behar baino gutxiago lantzen direla irakurri izan dugu, baina, aldi berean, sare sozialetako plataformetan-eta sekulako lanak ikusten dizkiegu gazteei. Unibertsitateko irakasle izanda, zer da ikusten duzuna?
Zaila da orokortzea. Hain doa dena azkar, zaila zaigula gauzak aztertzeko denbora hartzea ere. Duela 50 urteko kontuak ulertu ezinda gaude oraindik, eta zaila da erantzuten, baina esango nizuke halako homogeneizazio bat ikusten dudala Interneten. Marketin enpresa handiek nahi dutena kontsumitzen du gaur jendeak zoritxarrez; haiek bideratutako produktuak dira ikusienak, eta bidean produktu eta aukera on asko galtzen dira. Algoritmoen meneko gara.
Batetik esango nizuke hori, eta bestetik, halako jarrera pasibo bat nagusitu dela gizartean. Pantaila kontsumoa hain da handia, askotan zaila zaigula kontsumoari galga jarri eta geure barrura begiratzeko tartea hartzea. Jaso eta jaso ari gara, kontsumitu eta kontsumitu, sortzeko tarterik hartu gabe. Gehiagotan galdetu beharko genioke gure buruari zerk motibatzen gaituen; sormena aktibatu beharra badugu, bai.
ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1313. zenbakian -PDF-