Elgoibarko Izarratik sortu zen Haritz Euskal Dantzari Taldeak 50 urte bete izana ospatu zuen 2023an, urte guztirako ospakizun egitaraua prestatu baitzuten. Eta, Elgoibarko Izarrakoen eskutik jaso zuten urteko azken aitortza. Izarrakoek dantza eta bertsoa uztartzeko ariketa berritzailea prestatu zuten urtero Eguberrietarako antolatzen duten bertso-jaialdirako. Haritz dantzari taldeko Iera Larrañagak egin zuen dantzan, Oihana Iguaranek bertsotan ziharduen bitartean. Maite Berriozabal gai-jartzaileak honela azaldu zion bertsorako gaia Iguarani: "Bertsolaritza zerbait bada, zerbait mentala da, burukoa da, eta horretan abilak zarete, geldi eta burua bueltaka izaten duzue kanturako. Baina, non gelditzen da gorputza? Entzuten al diogu gorputzari, Oihana?
• Ikasleekin puntuka
Iaz parte hartu zuten estrainakoz Elgoibarko bertso-eskolako ikasleek bertso-jaialdian, eta "oso polita" irten zela-eta, ariketa errepikatu eta ikasleak berriro gonbidatzea erabaki zuten Elgoibarko Izarrakoek. Eneko Beretxinaga soraluzearra da bertso eskolako irakaslea, eta honako hauek izan ziren parte hartu zuten ikasleak: Nora Garate, Naia Eizagirre, Unax Arzamendi, Oihane Meabebasterretxea
Julen Zubiaurre, Sare Rubio, Maite Gurrutxaga eta Martin Serrano. Bakoitzak puntu bana jarri zien bertsolariei: Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita eta Nerea Ibartzabal.
• Bertsoaldirik onenak bertsoa-eus weborrian
Bertsolaritzaren plaza digitala den bertsoa.eus webgunean jaso dituzte Elgoibarko jaialdiko bertsoaldirik onenak, bederatzi bideotan banatuta. Ikus hemen: https://bertsoa.eus/saioak/2023-12-28-elgoibar
Horri honetara ekarri ditugun bi bideoak ere beraiek grabatu eta editatutakoak dira.
*Argazkiak: Imanol Larrañaga.
∞Lotura duten albisteak: