Pedro Mugurutzako eskolak egon ziren eraikinaren egoera zein den jakiteko txosten teknikoa egingo du Udalak

Barren.eus 2024ko urt. 18a, 15:09

Elgoibarko Udalak jakinarazi du txosten tekniko integral bat egitea agindu dutela, Pedro Mugurutzako eskolak egon ziren eraikinean orain arte gauzatutako azterlan teknikoak eta informazioa jaso eta testuinguruan kokatzeko.

Zehaztu dutenez, txosten horren helburua da erreferentzia esparru bat ematea, eraikinaren eta inguruari buruzko erabakiak oinarri handiagoarekin hartu ahal izateko. 

Hirigintzako zinegotzi Ion Zubiaurrek prentsa ohar bidez azaldu du Hirigintza Batzordean gaiari buruzko eztabaida hasia dutela, eta gobernu taldeak interesgarritzat jo du bere jarrera babestuko duen azterketa tekniko bat izatea. "Espero dugu txosten hau otsaileko batzorderako izatea, non gobernu- eta oposizio-taldeak datu tekniko eta objektiboekin eztabaidatu ahal izango duen, balorazio politikoez harago”.

Orain egin asmo duten txosten tekniko integrala 2022an egindako bi azterlan teknikotan oinarrituta egingo dute:

  1. Pedro Mugurutza ikastetxea egon zen eraikineko sotoaren egituraren ikuskapen berezia. Eraikinaren lurpeko egitura aztertu zuten, zer egoeratan zegoen jakiteko.
  2. Azterketa geologiko-geoteknikoa, hondoratzeak Usetxe 1ean: azterketa geologiko-geotekniko horrek Usetxe 1 eremuko hondoratzeak aztertu zituen, eta eremuan eragina izan dezaketen faktore geologikoen ikuspegi osoa eskaini zuen.


Txosten teknikoak datuak bateratzeaz gain, hartu beharreko erabakiek izan ditzaketen ondorioak ere aztertuko ditu. Txosten hori idatzi ondoren, gobernu-taldearen eta oposizioko alderdiaren esku utziko dutela jakinarazi dute, eraikinean zein inguruan egin beharreko jarduketak proposatu eta definitu ahal izateko.
Elgoibarko Udalentzat "funtsezkoa" da herritarrekin elkarlanean aritzea eta informazioa gardena izatea, ondarearekin eta hiri-garapenarekin lotutako erabakiek "eragin nabarmena" baitute.
Zubiaurrek nabarmendu duenez, gobernu taldeak parte hartze prozesuaren emaitza eta txosten teknikoa kontuan hartuta hartu nahi ditu erabakiak. "Hori guztia auzoko bizilagunei jakinaraziko zaie informazio guztia eduki bezain laster”, adierazi du.
Azterketa tekniko horiez gain, Elgoibarko Udalak parte hartze prozesu bat ere egin zuen 2022an. Euren iritzia emateko aukera eduki zuten herritarrek eta eraikina eraistearekin eta haren ingurua berroneratzearekin lotutako proiektua definitzen laguntzeko aukera ere bai. "Bizilagunek ingurua eraistearen eta berroneratzearen aldeko apustua egin zuten, bizilagunentzako espazio publikoa, aparkalekua eta ibaiari protagonismo handiagoa emanez", azaldu dute Udaletik.