Legegintzaldi Plana etxe guztietan banatu dute, eta joan zen astean aurkeztu zuten Jubilatuen biltokian, jende aurrean. Baina beste bi aurkezpen egitea dute aurreikusita: urtarrilaren 24an eta 31n, 19:00etan, Aita Agirreko areto nagusian. Bilera horietara herritar guztiak daude gonbidatuta, herritarren kezkei erantzun eta haien ekarpenak biltzeko antolatu dituztelako.
Sei ardatz estrategiko jaso dituzte planean, eta bakoitzari diru kopuru bat esleitu lau urterako.
- Elgoibar "herri bizixa", "nortasun propio eta euskalduna duen" herria egiteko, 4.092.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusten dute lau urtean, besteak beste industria sustatzen, merkataritza dinamizatzen, eta kirola, kultura, boluntzariotza eta ekintzailetza bultzatzen.
- Elgoibar herri "abekigorragoa" egin eta zainketen gizarte baten alde egiteko, 22.495.000 euroko inbertsioa egingo dute, azpiegitura sanitario eta soziosanitarioak hobetzeko, herri osasuntsua eta ongizatean oinarritutakoa sustatzeko, belaunaldien arteko proiektuak garatzeko, Elgoibar bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzeko, gurasotasun positiboa bultzatzeko edo etxebizitzen garapenean aurrera egiteko, eta gazteen emantzipazioa errazteko, besteak beste.
- Herri "inklusiboagoa eta atseginagoa" egiteko erabiliko dituzte beste 3.863.503 euro. udalerri barruko mugikortasuna hobetzeko (Hiri-autobusaren zerbitzua aztertu eta hobetzea, Auzo-Taxia martxan jartzea, Alzola eta udalerriaren erdialdearen arteko bidegorria bultzatzea, edo Debabarreneko trenbide-zerbitzua hobetzea ETSrekin lankidetzan) eta pertsona guztientzako segurtasuna eta irisgarritasuna erraztuko duten azpiegiturak sortzeko (Urazandira igogailu berri bat eraikitzea, komun publikoen sarea hobetzea, eskailera mekanikoen ordez Artekaleko igogailu bat jartzea edo King Kongeko zubia egokitzea).
- Landa-inguruak zaintzeko, ur-horniduraren sarea handitzeko eta Elgoibar-Km0 sustatzeko, berriz, 1.797.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute.
- Elgoibarko ingurumen-plana diseinatzeko eta garatzeko, aparkaleku berriak sortzeko eta herriko espazioak birgaitzeko, 5.212.656 euroko inbertsioa egigno dute.
- 'Beti gertu, zure ondoan' lelopean, 559.000 euroko inbertsioa egingo dute "gizartee-eragileekin lankidetzan aritzeko eta gobernu onaren ereduaren arabera kudeatzeko".