Hamar urtean aritu zen, gaixotasun batek bizikleta lagatzera behartu zuen arte. Txirrindulari ibilbidean 80 bat trofeo inguru irabazi zituen, eta Espainiako selekzioarekin munduko txapelketa ere jokatu zuen Bergamon (Italia). 2023ko Kirol Sarietan jaso zuen errekonozimendu publikoa.
• Nola hasi zinen txirrindularitzan?
Lagun Taldea txirrindulari taldeko kideak eskolara etorri ziren talderako jende bila, eta nik parte hartu nahi nuela esan nien. Nire aitak ezetz esaten zidan, ez zitzaion batere gustatu ideia hura, eta ez zidan uzten. Garai hartan kirola gizonezkoentzat zen, baina ni oso burugogorra naiz eta tematu nintzen. Baimen agiria sinatu behar zuen aitak eta engainatu egin nuen. Azterketa bat jarri nion agiriaren gainean, eta aitak uste zuen eskolako agiria sinatzen ari zela. Jakin zuenean baimena sinatu zuela, nire neba nagusiari esan zion berak ere eman beharko zuela izena, ez zuelako nahi ni bakarrik ibiltzea bizikletan. Nire neba gizarajoa! Sekula ez da kirolaria izan, ez zitzaion bizikletan ibiltzea gustatzen eta nigatik kilometro pila bat egin behar izan zituen. Lasterketetan ez zuen ondo pasatzen, ezinean ibiltzen zen, baina aitak baldintza hori jarri zuenez, nigatik eman zuen izena berak ere.
• Entrenatzen hasi eta berehala hasi zinen lehiatzen, eta lasterketak irabazten.
Bai, 1982an hasi nintzen txirrindularitzan, eta emaitza onak lortzen nituen. 1984an bigarren egin nuen Gipuzkoako txapelketan, eta 1985ean, 86an eta 87an Gipuzkoako txapelduna izan nintzen. 87an, gainera, Elgoibarren jokatu zen txapelketa. Ordurako hainbat lasterketa irabazita nituen, eta txapelketa nagusia Elgoibarren egitea lortu zuen Lagun Taldeak. Oso polita izan zen garaipena herrian bertan eskuratzea. Urte horretan, 87an, Lagun Taldeak emakumezkoen taldea osatzea lortu zuen. Orbea eta beste talderen batek bakarrik zeuzkaten emakumezkoen taldeak, eta Elgoibarko txirrindulari taldearentzat lorpen handia izan zen. Ez ginen asko taldean, eta Elgoibarko bakarra neu nintzen. Emakume gutxi genbiltzan txirrindularitzan garai hartan. Gipuzkoako txapelketaren ondoren, Bizkaikoa jokatu zen, eta hura ere irabazi nuen. Sopelanan jokatu genuen, eta ordurako Joane Somarriba hasia zegoen izena hartzen, baina egun hartan nik irabazi nion. Gerora lorpen handiak eskuratu ditu Somarribak txirrindularitzan, baina egun hartan bigarren postuan geratu zen, nire atzetik.
• Garaipen horiek zabaldu zizuten Espainiako selekziorako atea, eta munduko txapelketan hartu zenuen parte, Italian.
Bai, Espainiako selekziotik deitu zidaten, eta Joane Somarriba ez zuten konbokatu. Nola diren gauzak! Euskal Herritik neu bakarrik joan nintzen. Madrilgo beste neska bat zegoen taldean, Valentziako bi eta Leongo bat, eta neuk bakarrik amaitu nuen lasterketa, eta hori jausi egin nintzela. Milanen hartu genuen ostatu eta Bergamon jokatu genuen munduko txapelketa. Errepideko proba izan zen, eta uste dut 70 kilometro egin behar izan genituela. Azken bueltak herrian bertan ziren, zirkuito batean, eta gune batean lurra adokinatua zen, Kultur Etxe aurrekoa modukoa. Reynolds taldeko medikua gurekin zegoen eta azken bi bueltak falta zirela adierazteko keinua egin zidan. 15 bat gindoazen lasterketa buruko tropelean, eta ezin nuen sinistu ere egin. Aurrez esana ziguten lasai egoteko, sekula Espainiako selekzioko inork ez zuela proba hura amaitu eta parte hartzea lorpen handia zela. Azken bueltan estolda batean sartu nuen gurpila eta erori egin nintzen. Sorbalda bere lekutik irten zitzaidan, baina nola edo hala, berriz jarri nintzen bizikletan eta lortu nuen txapelketa amaitzea. Espainiako selekzioko lehenengoa izan nintzen hori lortzen.
Polizia batek esaten zidan geratzeko, anbulantzia bidean zela, baina helmugako marra pasatu arte ez nintzen geratu. Gogorra nintzen, eta oso burugogorra. Gero sartu zidaten sorbalda bere lekuan, eta kuriosoa izan zen bueltako hegaldia hartzean gertatu zitzaidana: pilotoari txirrindularitza gustatzen zitzaion eta hegazkinean sartzean, gure poltsa ikustean, konturatu zen selekzioko neskak ginela. Lasterketa ikusi zuen, eta bazekien bat erori egin zela. Azafata bat bidali zuen erori zen neskaren bila, eta pilotoaren ondoan eseri ninduten. Etxerako bidaia hegazkineko kabinan egin nuen. Oso oroitzapen onak ditut. Abraham Olanok ere hartu zuen parte munduko txapelketan urte hartan, eta zilarrezko domina eskuratu zuen pistan. Gerora bere emazte izango zena ere nire taldean zegoen, Karmele. Hango argazki guztiak 83ko uholdeetan hondatu zitzaizkidan, eta poltsa bat da ordutik gordetzen dudan objektu bakarra. Pena daukat, baina oroimenean ditut irudi guztiak.
• Sorbalda bere lekuan jarri, eta jarraitu zenuen txirrindularitzan, baina beste eroriko bat izan zenuen ondoren.
Bai, munduko txapelketa jokatu eta pare bat hilabetera Espainiako txapelketan hartu nuen parte, Valentzian. Joane Somarriba eta ni ginen txapelketa irabazteko faborito nagusiak, baina nik uste neuk nituela aukera gehiago. Sorbalda ez neukan orandik %100ean oraindik, baina lasterketa buruan nindoan nagusiekin. Ni oraindik jubeniletan lehiatzen nintzen, eta afizionatuetan ari zirenekin nindoan aurreko taldean. Portu bat jaisten beste txirrindulari batek nire gurpila ukitu zuen eta sekulakoa hartu nuen. Erori nintzen momentuan konturatu nintzen zerbait puskatu nuela mokorrean. Saiatu nintzen zutik jartzen, baina medikuak berehala esan zuen mokorra edo pelbia puskatuta nituela. Anbulantzian ekarri ninduten Donostiako ospitalera. Sekulako minez egin nuen bidai hura, errepideko zulo guztiak igartzen nituen. Azkenean, pelbisa eta koxisa apurtu nituen. Hiru hilabete egin nituen ohean, baina haustura ez zen ondo sendatu eta konplikazioak agertzen hasi ziren. Azkenean ebakuntza egin behar izan zidaten. Joane Somarribak irabazi zuen txapelketa.
• Sendatu ostean, berriz itzultzea erabaki zenuen.
Bai, ez neukan txirrindularitza lagatzeko asmorik, baina konturatu nintzen ezin nuela. Gerri aldean mina sentitzen nuen, eta ez nengoen eroso bizikleta gainean. Denek esaten zidaten ondo ikusten nindutela, portuak indarrez eta gogor igotzen nituen, baina min neukan. Azkenean 20 bat urterekin gaixotasun degeneratibo bat diagnostikatu zidaten: espondilitis ankilosatzailea. Genetikoa da, lau neba-arrebetatik bik daukagu, eta badirudi jaiotzetik daukadala, baina nik ordura arte ez nuen ezer igarri. Nik uste hiru hilabetez ohean egoteak eragin zidala. Bizkarrezurreko bertebrak fusionatu egiten dira, eta niri lehenengo biak itsatsi zitzaizkidan. Hori izan zen txirrindularitza erabat lagatzeko arrazoia. Hasieran joaten nintzen lasterketak ikustera, baina ez nuen ondo pasatzen, eta guztiz aldendu nintzen. Bizikletako postura ez zen egokia gaixotasun horrentzat, eta igerian egitea aholkatu zidaten.
• Eta, gaur egun zer moduz zaude?
Ondo nago. Igerian egiten dut, eta luzaketak, egunero. Inbertsio tabla bat daukat etxean eta han zintzilikatzen naiz buruz behera bertebra guztiak soltatzeko. Horrez gain, botika natural asko hartzen ditut, eta reumatologoarengana joaten naiz tarteka osasun azterketak egitera. Bera ere harrituta dago nirekin. Mendira joatea eta ibiltzea ere gustatzen zait. Eta gaur egun ere, lehiakorra eta burugogorra naiz! Ez zait gustatzen atzean geratzea, eta dena ematen dut. Fisikoki oso ondo nago; nik uste dut umetan bizikletan ibili izanak laguntzen didala forma fisikoari eusten. Txirrindularitza gogorra da, eta guk ere entrenamendu gogorrak egiten genituen. Neguan ez genuen bizikleta hartzen, eta mendira joatea izaten zen gure entrenamendua. Karakatera joaten ginen, eta batzuetan, San Pedrora gero. Nire buruan ez da sartzen ezin dudala esatea.
ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1313. zenbakian