Minbiziaz hil zitzaion bikotekidea Manex Beristaini, eta bikotekidea galtzearen dolua eta ama galdu duen semearen minaren dolua bizi ditu. Dolu prozesu horretan idatzi zuen liburua, eta aitortu du oso lagungarri egin zitzaiola gertatutakoari hitza jartzea, marraztea, jolastea eta idaztea. Gaixoaldiaz eta heriotzaz mintzo da liburuan. Hasi gaixoa diagnostikatzeak suposatzen duen danbatekoaz, albistearen ondoriozko denbora gelditzeaz, gaixoaren ahultze etengabeaz, bikote izatetik zaintzaile izatera igarotzeko pausoez, heriotzaren atariko beldurrez, galerak dakarren minaz, haurrei gertaera den bezala adierazteko ezintasunez... . Barrua husteko idatzi duela esan du idazleak, beste askorentzat lagungarri izan daitekeelakoan.