Manex Beristain: “Heriotza bizitzaren parte da, eta heriotzari buruz modu naturalean hitz egitea da onena”

Barren.eus 2024ko urt. 26a, 13:54

Minbiziaren ondorioz emaztea galdu zuen 2017an Manex Beristainek (Azpeitia, 1977). Dolu bikoitza gainditu behar izan zuen, berea eta ama galdu zuen bi urte eta erdiko semearena bereziki.

Dolu prozesu horretan semearekin hitz egiteaz gain, marraztu, jolastu eta idatzi egin zuen. Barrena husteko sortu zuen hein handi batean 'Azken galdera amari' izeneko liburua, baina baita beste askorentzako lagungarri izan zitekeela pentsatuta ere. Umeekin heriotza lantzeko gida modukoa da sortu duena, helduentzat oso erabilgarria izango dena umeak heriotzari buruzko galderak egiten hasten direnerako. Ipuinaren edukia 6 urtetik aurrerako haurrentzat prestatuta dago, eta kapitulu bakoitzak gaia lantzeko edukiak ditu. Gainera, QR kode bati esker, gai bakoitzari lotutako informazio gehigarria eskuratu daiteke online. Liburua erosteko: Instagrameko Manexen kontuan edo manexberistain.eus webgunean.

 • 'Azken galdera amari' ipuina aurkeztu zenuen atzo Elgoibarko liburutegian. Nola sortu duzue ipuina?
Ipuin honen abiapuntua nire emazte Mirariren heriotza da. 2015. urteko amaieran minbizia diagnostikatu zioten, eta gaixotasunaren ondorioz, 2017ko maiatzaren 30ean hil zen. Bi umerekin geratu nintzen ni, 9 urtekoa bata eta bi urte eta erdikoa bestea. Dolu prozesua hasi zen une horretan. Niretzako prozesu ezezaguna zen, eta umeek beraiek izan ziren nire mapa dolu horretan.

2024 01 25 manex beristain gotzongarate udal libu

 • Dolu prozesu bikoitza bizi izan duzula aipatu duzu.
Bai, batetik nirea, baina aldi berean, bi umeen dolu prozesua eusten eta zaintzen ere egon naiz. Terapeuta baten laguntza izan dut, eta orain dela bi urte umeari ahoz kontatzen nizkionak idazten hasi nintzen. Hitz egin, jolastu, marraztu eta idatzi egin dugu prozesuan zehar, eta idatzi horietatik hamabi bat kapituluko errelato autobiografikoa irten zen. Gai asko landu nituen: minbizia, zaintza, hiltzera doan pertsona agurtzearen garrantzia... Ipuin baten hasiera modukoa izan zen hura, eta horri gehitu dizkiot Ekain nire seme gazteak dolu prozesuan zehar egindako galdera guztiak. Galdera unibertsalak dira: adibidez galdetzen zidan ea ni ere hilko ote nintzen, gaixotzen baginen hil egingo ote ginen...

 • Noiz hasten dira umeak heriotzari buruzko galderak egiten?
Ekain umea zen ama hil zitzaionean, eta bere lehenengo galdera zera izan zen: 'Ama noiz etorriko da?'. Une horretan egia erantzun nion; ama ez zela inoiz itzuliko. Jakina, orduan ez zuen ulertu. Ekainen dolu prozesua oso interesgarria izan da, eta berari esker gauza asko ikasi ditut. Esaterako, ikasi dut umeek nolako erresilientzia gaitasuna duten bizitzari heltzeko. Lau bat urte zituela, nire arrebaren etxera joaten zenean, ni hilko banintz ea berarekin bizitzerik izango ote zuen galdetzen zion izebari. Bazekien amari gertatutakoa aitari ere gerta zekiokeela, eta bere bizimodua ziurtatzeko beharra zeukan. Horrelako detaile pila bat bizi izan ditugu. Ipuinean fikzioa sartu dut: Ekainek amets bat izango du eta niri eginiko galdera horiek guztiak amari egingo dizkio. Gertakari gordina apur bat samurtu egin dut, baina, hala ere, egoeraren gordintasuna agerian laga dut.

 • Nori zuzendutako ipuina da?
Irakasle eta psikomotrizista moduan ikusten nuen falta zela heriotza modu zuzenean eta pertsona errealekin lantzeko ipuin bat. Ez da ipuin soil bat, ipuinetik harago doa eta gida moduko bat da, umeekin heriotzaren gaia lantzeko. Umeek galdera zehatzak egiten dituzte, eta gida horretan aurki daitezke erantzunak. Ipuina motza da, baina QR kodeen bidez material osagarria eskuratu daiteke. Kapitulu bakoitza xehetu egiten dut online, eta irakurlea hausnarketara gonbidatzen dut.

 • Gurasoek askotan ihes egiten diete umeen galderei. Nola jokatu beharko genukeela uste duzu?
Nire ustez erantzun egin behar dira galderak, bestela umeak, erantzunik gabe gelditzean, bere errelatoa sortuko du, eta hori arriskutsua izan daiteke. Galdetu badu, erantzuna nahi duelako da, eta ez erantzuteak abandono sentsazioa ere sor diezaioke. Joera daukagu heriotzaren gaiari ihes egiteko, heriotza dagoen beldurrik unibertsalena delako. Desagertzea suposatzen du, eraikitako guztia uztea... azken batean izateari uzten diogu eta ez dakigu gero zer datorren. Gai tabua da, sexualitatea edo drogak izan daitezkeen moduan, baina heriotza hor dago, bizitzaren parte da, eta nire ustez, heriotzari buruz modu naturalean hitz egitea da onena. Ez dut esaten informazioa aurreratzeko, baina egiten dituzten galderei erantzutea garrantzitsua da, behar duten neurrian behar duten informazioa emanez, ez gehiago eta ezta gutxiago ere, baina senti dezatela hor gaudela beraien galderei erantzuteko. Baina ez zaie informazio askorik ere eman behar; bereiztu egin behar dira gure beharrak eta beraienak. Eskolan ere beste lanketaren bat egin daitekeela uste dut. Bizitzarako hezten diren moduan, umeak heriotzerako ere hezi daitezkeela iruditzen zait, erremintak emanez. Zuk zer uste duzu? estiloko galderekin erantzun diezaiokegu. Edo momentuan zer esan ez badakigu, esan ahal diogu galdera interesgarria dela eta pentsatzen uzteko, hurrengo egunean erantzungo diogula. Hori bai, hitza bete eta erantzun egin behar diogu gero. Lehen, heriotzak itomena eragiten zidan, baina orain, nire bizi-agendan kokatu dut, eta horrek lasaitasuna eman dit. Badakit iritsiko zaidala; ez dakit noiz, baina edozein momentutan izan daitekeela badakit, eta horrek bizitza beste era batean bizitzera eraman nau. Arazoak erlatibizatzen ikasi dut.

 • Nola eraman duzue dolu prozesua?
Aita gisa nire lanketa pertsonala egin dut. Asko irakurri dut, terapeutarengana joaten hasi nintzen... Baina horrez gain, semeak zaindu behar izan ditut, eta oso adi egon naiz behatzen ea emozioei lekua egiten zieten, amaren hutsunea nola betetzen zuten...Ez dago errezeta magikorik, eta konparaketak egitea ez da ona. Neuzkan erremintekin, ahal nuen ondoen egin dut. Oso garrantzitsua da errudun sentsazioa gainetik kentzea. Liburu honi esker Ekainek emozio pila bat askatu ditu, eta lehen gordetako gauza asko atera ditu. Amari buruz askoz gehiago hitz egiten du orain, negar asko egin du... inoiz ez da berandu. Dolu prozesuan laguntza eskatu behar da, ez da ezer gertatzen laguntza eskatzeagatik. Ni bi semerekin geratu nintzen, eta horrelakoetan tribuaren laguntza behar duzu. Ikasketa prozesu handi bat izan da hau guztia, oso gogorra, baina orain beste fase baten gaude.

ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1314. zenbakian -PDF-

 

2024 01 26 manex beristain liburugaz