Mikel Arantzamendi: “Sekulako lantaldea dago Elgoibarko Udaltzaingoan; esku onetan laga dut herria”

Barren 2024ko ots. 2a, 09:30

28 urte egin ditu Mikel Arantzamendik (Ondarroa, 1961) Elgoibarko Udaltzaingoan, eta azken ia bost urteetan bera izan da udaltzainburua. 

Ibilbide horretan denetik bizi izan du, gauza onak eta txarrak, baina oro har, Elgoibar bizitzeko herri lasaia dela iruditzen zaio. Euskalduna, abertzalea eta independentista dela dio bere buruaz, eta ahalegintsua eta zorrotza ere bai. Bere familia gogor zigortu zuten gerra garaian, eta ostean ere bai abertzale sutsuak izateagatik, eta hori izan da beti bere bandera. Kultura gustuko du, bai eta dantza egitea ere. 4 urte zituela hasi zen dantzan Ondarrun, eta erretiroa hartu duenetik Elgoibarren ere badabil, helduen dantza taldean. Azaroan hartu zuen erretiroa, eta orain, Leticia Astray elgoibartarrak hartu du kargua. Behin-behinean arituko da Astray, printzipioz, bi urtez.

Udaltzaingoari lotuta ezagutzen zaitu herriak, baina aurkez iezaguzu udaltzain izan aurreko Mikel Arantzamendi.
Ondarrutarra naiz, kostaldekoa, eta itsasoa beti gertu izan dut. Merkataritza-nabigazio lizentziatura egin nuen unibertsitatean, eta urte asko eman nituen itsasoan lanean. Lanbide gogorra da, baina niri gustatzen zitzaidan. Gauza asko ikasten dira itsasontzi batean. Askotan pentsatu izan dut bati baino gehiagori ondo etorriko litzaiokela sei hilabete itsasontzi batean pasatzea.
Bizikidetza Anaia Handia modukoa da; 24 orduz denok elkarrekin egunero. Lantokia geneukan solairu batean, beheko solairuan egiten genuen jan eta lo, eta solairu bat beherago makinistak zeuden. Beti, beraz, bi solairuren artean mugitzen ginen, eta apur bat pasiatzera irteten ginen ontzi gainera. Armonika eta gitarra jotzen nuen apur bat deskonektatu nahi nuenean. Gogorra da bizikidetza. Sei hilabete egiten genituen itsasoan, eta denetariko jendea elkartzen ginen. Jende jatorra tokatu zitzaidan gehienbat, baina beti sortzen ziren haserreak. Dena dela, Ondarrun beti esaten da itsasoko liskarrak itsasoan geratzen direla, eta lehorreratzen ginenean, dena ahazten genuen. Estreinakoz ezagutu nuen txalupak 278 metro zituen, baina gerora txikiago batean egin nituen urteak, ia 200 metroko batean. Gusturago ibili nintzen bigarren hartan. Europa eta Amerika artean nabigatzen genuen. New Orleans, Texas, Brasil... Soja eta artoa kargatzen genuen eta gero deskargatu Lisboan eta Tarragona arteko portuetan edo Mallorcan. Behin Hegoafrikara ere joan ginen, itsaso indikoan zehar, eta handik Valentziara arteko itzulera izan zen egin genuen luzeena: 24 egunez egon ginen lehorreratu gabe. 22 urterekin itsasoratu nintzen lehenengoz eta 30 bat nituela laga nuen itsasoa. Eztarritik operatu ninduten, eta azken bidaira ezin izan nintzen joan, oraindik ez nengoelako guztiz errekuperatuta. Irlandara joan nintzen ingelesa ikastera sei hilabeterako, itsasontzietako hizkuntza ingelesa delako, eta nik Batxilergoan frantsesa ikasi nuenez, ingelesa indartu nahi nuelako. Handik itzuli nintzenean jakin nuen 90eko krisialdiaren eraginez, enpresak kiebra jo zuela, eta orduan hasi nintzen beste lanbide baten bila.

Itsasoa utzi, eta udaltzain lanetan hasi zinen?
Tarte horretan beste lan batzuk ere izan nituen. Lagun batek elektrizitate enpresa bat zeukan eta hari laguntzen ibili nintzen lehenengo, eta euskara irakasle ere ibili nintzen gero. Hiru bat urte egin nituen, eta asko gustatzen zitzaidan lan hura, baina ez geneuzkan lan-baldintza oso onak. Behin-behineko kontratuak egiten zizkiguten beti, eta ez geneukan egonkortasunik. 33 urte nituen eta erabaki nuen horrela ezin nuela jarraitu. Bi udaltzain lanpostu betetzeko lan-deialdia irten zen Elgoibarren, eta aurkeztea erabaki nuen. 50 lagunek eman genuen izena, eta lehenengo postua atera nuen. 95ean hasi nintzen Elgoibarko Udaltzaingoan lanean


Zer aurkitu zenuen Elgoibarko Udaltzaingoan?
Ondarruko udaltzain ideiaz iritsi nintzen ni Elgoibarrera, baina berehala konturatu nintzen ez zeukala batak bestearekin zerikusirik. Ondarrun lanbide bat gehiago da udaltzainarena, baina Elgoibarren ez daude ondo ikusita udaltzainak. Gure lana ezezaguna eta esker txarrekoa da. Zorionez, jende gehiena jatorra da, baina tarteka izaten ditugu herritarrekin haserreak isunen kontura ere. Batzuek uste dute gure lana isunak ipintzea bakarrik dela, baina hori gure lanetik %5-10 izango da gehienez. Udaltzain izateagatik askok uste dute ez dakigula beste ezer egiten. Ni dantzaria naiz, umetatik ibili naiz dantzan, eta beste gauza asko ere banaiz, baina batzuek ez dute hori ikusten; ni udaltzaina naiz jendearentzat, eta besterik ez. Elgoibarko Udaltzaingoan jende gazte asko dago, eta oso ondo prestatuta daude denak. Lantaldearen herenak unibertsitate ikasketak ere baditu. Gitarra jotzen dakite, soinua... Azken bazkarian ere sekulako giroa sortu genuen tabernan.

Azaldu iezaguzu bada, zein den zuen lana.
Herritarrei laguntzeko gaude gehienbat, askok kontrakoa uste duten arren. 25 lagun daude Elgoibarko Udaltzaingoan. Horietatik 15 dira udaltzainak, bost kabo, jefaturako bat, TAOko bi langile eta bi administrari. 365 egunez egiten dugu lan, 24 orduz. Gaueko guardietan lauko taldetan antolatzen dira langileak, eta gure lanak ez du etenik. Lapurretak ekiditen ditugu, istripuetan egoten gara, gauez herria zaintzen dugu, genero indarkeria kasuak artatzen ditugu... Gaueko zaintza lan horietako batean sute bat saihestu genuen behin. Ate azpitik enpresa batean argi moduko bat ikusi zuten udaltzainek, eta sua piztu zela konturatu ziren. Suhiltzaileei deitu eta berehala lortu zuten itzaltzea. Genero indarkeria kasuren batean bi ume txikirekin sartu behar izan nuen ohean haiek lasaitzeko; beste behin bi udaltzainek erditze batean ere parte hartu zuten eta anbulantziaren zain zeudela umea jaio zen; beste behin bihotzeko bat eman zion emakumezko bati bizia salbatu zion udaltzain batek... Eguneroko ohiko lanak kenduta, urtean lau mila espedientetik gora egiten ditugu. Askok ez dute hori guztia ikusten, baina esker oneko jendea ere badago, adinekoak, bereziki.

Zure ibilbidean izan duzun unerik latzena?
Tokatu zaizkit une latzak, baina txarrena, dudarik gabe, Eibarrera bidean izandako istripuan lau gazte hil zirenekoa izan zen. Abisua jaso genuen, Sigma inguruan istripua egon zela esanez, baina duda zegoen guri edo ertzainei tokatzen zitzaien eremu hura. Gertutasunagatik geu joan ginen. Itzela izan zen. Bi udaltzain geunden, eta kamioi gidari bat ere irten zen laguntzera. Auto baten lau gazte zeuden, eta bestean bikote bat, ume txiki batekin. Haiek hobeto zeuden, kolpeak hartuta, minez, baina haiek ezin ziren atenditu une hartan, besteak askoz okerrago zeudelako. Oso gogorra izan zen hura.

ELKARRIZKETA osorik BARREN astekariko 1315. zenbakian -PDF-