Infantil, junior eta absolutu mailako igerilariek Gipuzkoako Neguko Txapelketa jokatu zuten aurreko asteburuan Bergaran, Agorrosin kiroldegian. Eibar Igerixan taldea ordezkatu zuen Paula Calvo elgoibartarrak igerian adina lan eduki zuen podiumean igo eta jaisten, zortzi domina lortu baitzituen. Junior mailako igerilariak, -2009. urtean jaiotakoa da-, urrezko lau domina irabazi zituen bere mailako igerilariekin lehiatuta: 100 libre, 200 estilo eta 100 eta 200 bizkar erako probak irabazi baitzituen. Emakumezkoen maila absolutuan ere hartu zuen parte eta igerilari helduagoen aurka ere emaitza bikainak eskuratu zituen. Urrezko dominak irabazi zituen 400 libre eta 200 bizkar erako probetan, eta horiekin batera, zilarrezkoa irabazi zuen bizkar estiloko 100 metrokoan eta brontzezkoa estilo libreko 100 metrokoan. Emaitza horiekin, haur kategoriako igerilari onenaren saria jaso zuen Paula Calvok, eta absolutu mailan bigarren igerilaririk onena aukeratu zuten.
• Zilarrezko bi domina Espainiako Txapelketan
Junior eta Haur Mailako Federazio Autonomikoen arteko Espainiako XII. Txapelketa jokatu zuten, urtarrilaren 19tik 21era bitartean, Balear Uharteetako hiriburu Palmako Son Hugo igerilekuan, eta hor ere irabazi zituen dominak igerilari elgoibartarrak. Euskadiko selekzioa ordezkatu zuen 100 libre, 50 bizkar, 100 bizkar eta 200 bizkar probetan, eta zilarrezko bi domina irabazi zituen: bizkar estiloko 100 eta 200 metroko probetan, hain zuzen ere.
• Gipuzkoako selekzioarekin Bartzelonan
Euskadiko selekzioarekin bakarrik ez, Gipuzkoakoarekin ere lehiatu da Paula Calvo urtarril honetan. Alejandro López igeriketa txapelketaren 45. ekitaldia jokatu zuten Bartzelonako CN Sant Andreuko Pere Serrat igerilekuan, urtarrilaren 13an eta 14an. Calvok 200 libre, 100 bizkar, 200 bizkar eta 200 estilo probetan hartu zuen parte Gipuzkoako taldearekin eta guztietan sailkatu zen finalerako eta zilarrezko domina irabazi zuen bizkar estiloko 200 metrokoan. 50 igeri taldetako 463 igerilari lehiatu ziren Alejandro Lopez txapelketan.
• Hirugarren postua Ordizian
Euskal Herriko igeriketa txapelketa garrantzitsuena den Ordiziako Gabonetako Nazioarteko Txapelketaren 41. edizioan ere lehiatu zen Paula Calvo, abenduaren 29an. Hiru probetan egin zuen igerian eta hirugarren postua eskuratu zuen bizkar estiloko 100 metrokoan, 1.03.44ko denborarekin.