Miren Vallejok eta Inazio Etxeberriak botako dute jaietako txupinazoa

elgoibarren.net 2011ko uzt. 26a, 11:16

 
Elgoibarko Dantza Solteko Txapelketak 75 urte egingo ditu aurten. Hori dela eta, Udalak omenaldi txiki bat egingo die urte horietan guztietan txapelketa antolatzen jardun dutenei, eta horretarako, jaiei hasiera emateko ohorea eskaini die Miren Vallejori eta Inazio Etxeberriari.

 
 

  Miren Vallejok eta Inazio Etxeberriak Dantza Solteko Txapelketaren estreinako edizioan hartu zuten parte, orain dela 75 urte. Hori dela-eta beraiek botako dute txupinazoa, Haritz Euskal Dantzari Taldearen izenean. Abuztuaren 23an izango da, 13:00etan.
 
Koldo Lizarralde historialariak hainbat datu bildu ditu Dantza Solteko Txapelketari buruz. Haren arabera, hasierako urteetan Concurso de bailes regionales vascos zeukan izena txapelketak, eta 1955. urtean hartu zuen gaur egun daukan izena. 1986tik aurrera Haritz dantza taldeak antolatzen du txapelketa, Udal Txistulari Bandaren laguntzaz. 

Azken urteetako txupinazoak
 Elgoibarko Udaleko arduradunek aurreko legealdiaren hasieran erabaki zuten herritar esanguratsu batek izango zuela txupinazoa botatzeko ardura eta ohorea. 2007an Jose Gurrutxaga atleta beteranoak bota zuen San Bartolome bezperako txupinazoa; 2008an Mausitxa baserriko Rosa Mari Salegik piztu zuen suziria; 2009an Pilar Ikastetxeko lagunei eskaini zieten ohorea, eta, iaz, Jose Antonio Osoro “Katxok” 50 urtez Udal Musika Bandako zuzendari izandakoak eman zien jaiei hasiera, Udal Musika Bandaren 125. urteurrena zela-eta.