C.D Elgoibarrek Urteko Batzar Orokor beroa (ez gara egiten zuen sargoriaz ari) eta mamitsua ospatu zuen atzo iluntzean Kultur Etxean. 40 bazkide inguru agertu ziren batzarrera eta denek gauza bakarra argitu nahi zuten; nork ordezkatuko du datorren urtean Jose Luis Insausti presidentea? ba al dago prest azaldu den hautagairik? Galdera hauen erantzuna, ordea, ez zen batzarraren amaierara arte argitu.
Klubaren egoera ekonomikoa eztabaidagai
Aurrez, azken 3 denboraldietan presidentea izan den Jose Luis Insaustik, eta bere zuzendaritzako bi kidek, klubaren egoera ekonomikoaren gaineko galdeketa bonbardaketari aurre egin behar izan zioten. Bazkide eta zuzendaritzaren arteko ezinulertua, klubaren aurtengo defizita aipatu zutenean sortu zen. 30.000 euroko defizita zegoela azaldu zutenean piztu ziren bazkide batzuk. Insaustik azken urteetan errepikatzen ari den kontua dela azaldu zuen, "horrela jarraituz gero, hemendik bi urte eta erdira diru guztiak xahutuko ditu klubak, baita Etxeberria, Gurrutxaga eta Zubiaurregatik Realarengandik jasotako dirutzak ere. Koltxoia husten ari da eta bide honetatik jarraituz gero kluba desagertzeko arriskua dago".
Denen gustuko neurririk ez
Diru sarrerak handitu eta gastuak gutxitzeko pentsatu dituzten neurriak azaltzerakoan, piztuta zeuden bazkide batzuk sutan jarri ziren. Neurririk kritikatuena, ezbairik gabe, klubean jokatzeagatik jokalari bakoitzak urteko 100 euro ordaindu behar izatea izan zen. Honi iaz hartutako neurria gehitu behar zaio, alegia jokalari bakoitza Klubeko bazkide izatera derrigortuta dagoela, eta hortaz, 80 euroko kuota ordaintzera. Gerturatutako bazkide talde bati gehiegizkoa iruditu zitzaion beraien semeek futbolean jokatzeagatik 180 euro ordaindu behar izatea. Bateko zein besteko iritziak entzun ziren, eta une batzuetan eztabaida liskar txiki izatera ere iritsi zen, baina azkenean ezer erabaki gabe geratu zen, eta azken hitza, sartzear zegoen zuzendaritza berriaren eskuetan laga zuten. Hauxe izan zen, hain zuzen ere, zuzendaritza berria aurkeztu zuten unea.
Larizen aurkezpena