Ideologia ezberdineko emakumeek Ahotsak taldearen bake prozesuarekin bat egin dute

elgoibarren.net 2006ko eka. 28a, 17:41

EAJ, EA, Batasuna eta LABeko zenbait emakumek Ahotsak taldeak egindako bake prozesuari euren atxekimendua erakutsi diete.

Ideologia, tradizio eta sentimendu desberdinetako emakume talde batek Ahotsak taldeak Miramar Jauregian egindako bake prozesuarekin bat egin dute.

Herritik sortutako ekimena
Atzo iluntzean egindako prentsaurrekoan esan zutenez, "herritik sortutako ekimena da, eragile politiko eta sindikal desberdinak bildu garelarik. Banatzen gaituena alde batera utzirik, batzen gaituenetik abiatu gara, emakumeok bakearen aldeko eragile aktibo izan behar dugulako". Bestalde, Elgoibarren ahotsak eta konponbiderako aukerak badaudela uste dute: "Ez dugu herri plataforma bat sortu nahi, herri mugimendu bati hasiera eman nahi diogu eta herriko talde eragile desberdinetan dabiltzan emakumeek Ahotsak taldearen adierazpenarekin bat egitea nahi dugu".

Sinadura bilketa kanpaina
Emakume talde honek sinadura bilketa kanpaina bat jarriko du martxan herri mailan, norbanakoak titulo pertsonalean edo kolektiboan euren atxikimendua eman dezaten. Internet bidez ere sinatzeko aukera dago: elgoibarrenahotsak@hotmail.com Bestalde, datorren uztailaren 6an ekitaldi bat egingo dute Herriko Antzokian, gaueko 21:00etan, eta bertara joateko gonbitea luzatu diete herriko emakume eta gizonezko guztiei. Ekitaldi honetan Ahotsak ekimenaren bultzatzaileek hartuko dute parte: PSEko Gemma Zabaleta, Batasunako Jone Goirizelaia, EAJko Gemma Gonzalez de Txabarri eta EAko Nekane Alzelai.