Gaur estreinatu dute Sigmako azoka

elgoibarren.net 2006ko eka. 29a, 15:49

Sigmako gune berriak lehenengo aldiz hartu du gaurkoan ostegunetako azoka eta udaletxetik esan digutenez, jende asko hurbildu da bertara. Saltzaileen hitzetan, jendea ibili da baina gutxi saldu omen dute.


1706642080046 Gaur estreinatu dute Sigmako azoka

Osteguna diferente esnatu da gaur. Plaza Txikia hutsik zegoen eta ostegunetako azoka Sigman. Azkenean, saltzaile bat izan ezik, beste guztiak Sigman jarri dute euren postua.



Udala pozik
Udaletxeko agintariak gustura zeuden: "eguna ondo joan da, ez da inolako arazorik egon eta jende asko gerturatu da Sigmara. Bertako gune guztia bete duten postuetan lasaitasunez egin ahal izan dituzte erosketak herritarrek". Era berean, herrian izan den giro bikaina nabarmendu dute eta balorazio oso positibotzat hartu dute saltzaileen nahiz erosleen partaidetza.

Saltzaileak kexu
Saltzaileen iritzia bestelakoa izan da. Hauen iritziz, "alkateak bere alderdiko jendea bidali du azokara. Sekula ikusi ez dugun jendea ibili da gaur Sigman, hori bai, inork ez du ezer erosi. Alkateari erosi egin behar dutela esatea ahaztu zaio". Saltzaileak ez daude gustura Sigman, beraien ustez, salmentak asko jaitsiko dira eta jendeak azokara joateari lagako dio.