Jon Loiola elgoibartarra diakonotu zuen Joan Maria Uriarte Gotzainak

elgoibarren.net 2006ko eka. 30a, 13:24

Jon Loiola Ansola, 31 urteko gaztea diakonatu zuen atzo, San Pedro Egunez (ekainak 29), Joan Mari Uriarte Gotzainak Donostiako Artzai Onaren katedralean.
 

Apaiz izateko jarraitu beharreko bidearen etapa bat gehiago da diakono egitea. Hauxe da Jon Loiolak aukeratu duen bidea, eta Eibarko eta Zumaiako beste bi apaizgai gazterekin batera ordenatu zituen diakono Joan Maria Uriarte, Donostiako Gotzainak, atzo, ekainaren 29an.

Egun ahaztezina
San Pedro auzoko Usatorre baserrikoa da Jon Loiola, eta ez zaio erraz ahaztuko diakonotu zuten eguna, bizi den bailarako patroiaren egun berean egin baitzuten diakono, San Pedro Egunean, hain zuzen ere. Aipatu dugun moduan, San Pedroren omenezko jaietan murgilduta daude auzotarrak. Diakono ordenatu berri duten arren, Jon ez da urrun ibiliko, bera izango baita Peñagarikano eta Lizaso bertsolariak bilduko dituen bertso afariko gai jartzailea, esaterako.

Azaroan apaiztuko dira
Hiru diakono berriak datorren azaroan apaiztuko dira. Jonek, diakono gisa, Errenteriako Fatima eta Alberga parrokiek osatzen duten Pastoral Barrutian egingo du bere zerbitzua. Barruti honetako bateragilea, berriz, ezaguna da Elgoibartar askorentzat, bertan apaiz egondako Joxin Arregi dugu-eta.