Zer da elgoibarren.net?

elgoibarren.net 2006ko ira. 29a, 23:36

Elgoibarren.net Elgoibarko Izarrak Kultur Elkarteak sortutako ekimena da.

Helburuak:

  • Elgoibarko orainkaria izatea da proiektu honen helburu nagusia. Herrian gertatzen dena momentuan emateko ataria izatea, hain zuzen ere. Herritarrek uneoro eta edozein lekutatik Elgoibarko informazioa eskuratzeko gunea izan nahi du.
  • Informazioa eman eta jaso egingo dugu. Herritarra informazioren hartzailea ez ezik, informazio igorle eta iritzi sortzailea ere bada.
  • Elgoibartarron topaleku izatea da beste helburu bat.
  • Teknologia berrietan euskarak duen presentzia indartzea. Euskara izango da proiektu honetako komunikazio-hizkuntza.

Ezaugarriak:

  • Dinamikoa: Egunean eguneko informazioa gehituko da webgunera. Egunean pare bat albiste sartuko ditugu. Asteburuetan, normalean, ez dugu notiziarik sartuko, baina okasioak eskatzen duenean ez diogu lanari atzea emango.
  • Horizontala eta partehartzailea: Erabiltzaileak parte hartze zuzena izango du proiektu honetan. Albisteak osatu eta hauen gaineko iritziak emateko aukera izango du irakurleak. Botaink! Iritzi atala ere, irakurleen iritziei lekua egiteko prestatuta dago. Gainera, agendako ekitaldiak norberak sartzeko modua ere jarri dugu. Hori bai, elgoibarren.net editore batek kudeatuko du eta ataria eguneratzeaz arduratuko da. Bestalde, moderatzaile bat ere egongo da, eta honen ardura erabiltzaileen iritziak moderatzea eta arauak betetzen direla zaintzea izango da.

Atalak:

Momentu honetan, 6 atal nagusi dauzkagu:

  1. NOTIZIAK: Astelehenetik ostiralera bi notizia emango ditugu egunero, eta hauek kronologikoki agertuko dira orrialdean; hau da, idatzitako azken albistea lehenengoa azalduko da. Albisteen gainean komentarioak egiteko aukera izango da eta hauek automatikoki argitaratuko dira. Albistea osatu edo iritzia emateko aukera izango dute irakurleek. Halaber, nahi izanez gero, albisteen titulu eta azpitituluak norberaren helbide elektronikoan jasotzeko aukera izango da e-posta harpidetza bidez erregistratuta. Honela web-ean azaltzen diren albisteen berri izango du sarean azaldu bezain laster, eta handik albiste osoa irakurtzeko aukera izango da.
  2. BOTAINK!: Iritziak eman eta komentarioak egiteko beste aukera bat da. Hamar egunetik behin, gutxi gorabehera, eztabaidarako gai bat proposatuko dugu irakurleek iritziak bota ditzaten. Jite guztietako gaiak ipini nahi ditugu mahai gainean: herri-herrikoak izango dira asko, baina herriz gaindikoak ere sartuko ditugu tartean. Batzuetan, gaiak landuta eskainiko ditugu, dokumentazioarekin, baina, beste batzuetan, gaia bere horretan lagako dugu mahai gainean; lerro batean. Gainera, irakurleek atal honetarako gaiak proposatzeko aukera izango dute.
  3. AGENDA: Elgoibarko agenda izatea nahi da. Orri nagusian, egun horretako ekitaldi guztiak agertuko dira. Bestalde, egunez egun nahiz ekitaldi motaren arabera bilaketak egin ahalko dira. Gainera, formulario erraz baten bitartez, agenda irakurleek beraiek osatzeko aukera izango dute.
  4. MEDIATEKA: Erretratuei eta bideoei leku berezia egingo diegu elgoibarren.net web gunean. Mediateka gaien arabera egituratuta egongo da eta irakurleek erretratu eta bideoak bidaltzeko aukera izango da.
  5. BARREN aldizkaria PDF FORMATOAN: BARREN astekaria PDF formatuan Internet bidez ikusi eta irakurtzeko moduan jarri dugu. Alea irakurtzeko aukeraz gain, bilaketak egiteko modua ere izango da.
  6. BILAKETAK: Atal edo zerbitzu honi esker, edozein bilaketa egiteko aukera izango du irakurleak. Bai web gunean azaldutako edozein informazio eta baita BARREN astekarian argitaratutakoa ere bilatu eta topatu ahal izango da oso modu errazean.

Kredituak:

  • Zuzendaria: Ainhoa Andonegi
  • Kazetaria: Asier Orbea
  • Arlo teknikoa eta informatika-lanak: Aitor Lauzirika
  • Diseinua: Maite Rementeria