Istripu ikusgarria San Antolineko errotondan

elgoibarren.net 2006ko urr. 16a, 20:06

 
Frenoek huts egin eta Azkoitiatik Elgoibarrera (sahiesbide berritik) zetorren kamioiak gainetik pasa du San Antolineko errotonda, zuzen-zuzen. Auto bat eta farola bat eraman ditu aurretik, eta Deba ibaian amaitu du kamioiak. Sinestezina badirudi ere, kamioiko gidaria eta autoko bidaiariak bizirik atera dira.

 

 

1706642073178 Istripu ikusgarria San Antolineko errotondan

Arratsaldeko 18:15 inguruan gertatu da istripua. Burdin xaflak garraiatzen zituen tamaina ertaineko kamioia Azkoititik zetorren aldapan behera, frenorik gabe geratu, eta San Antolineko errotondara hurbildu denean ezin izan du geratu. Errotonda erdian dagoen eskultura ozta-ozta saihestea lortu duen arren, errotonda gurutzatzen ari zen auto batek ez du zorte bera izan, eta albotik kolpatu ostean, txikituta laga du kamioiak. Honek ez du kamioiaren abiadura gutxitu, farola bat botatzeko behar besteko indarra geratzen baizitzaion oraindik. Azken jauzi ikusgarri bat egin, eta Deba ibaira erori da kamioia, autopistako peajera doan zubiaren ertz batetik erori ere. Lekukoen arabera, aurreko gurpilak galdu izanak abiadura leuntzen lagundu dio. Aurreko bi gurpilak (eje eta guzti) goian geratu dira. 

Hildakorik ez

1706642073212 Istripu ikusgarria San Antolineko errotondan

Istripuaren ikusgarritasunak besterik pentsarazi zezakeen arren,  ez da hildakorik egon. Kamioiko gidaria suhiltzaileen laguntzaz atera dute kabinatik eta autoko bidaiariak ere Mendaroko ospitalera eraman dituzte. Lekukoen berbetan, kamioiko gidariak ez du konortea galdu, berba egiten entzun dutela adierazi baitute.

Ikusle eta kurioso ugari

Lanetik ateratzeko orduan eta trafiko askoko gunean suertatu denez istripua, kurioso asko hurbildu dira bertara.

Ez da gisa honetako estraineko istripua

Duela hilabete batzuk ere antzerako istripu bat gertatu zen gune honetan. Orduan ere kamioi batek, trailer handi batek, hain zuzen ere, izan zuen istripua. Hark ez zuen ibaian amaitu, baina errotonda gainetik pasa zuen. Azkoitia eta Elgoibar lotzen dituen barianteak malda gogorrak ditu eta honek oso arriskutsu bihurtzen du, batez ere pisu handiko kamioiak tartean daudenean. Badago errotonda baino goraxeago balaztek huts eginez gero erabiltzen den bide motelgarri bat, baina, dirudienez, ez du sortua izan zenerako funtzioa betetzen, inolaz ere.

1706642073247 Istripu ikusgarria San Antolineko errotondan

1706642073280 Istripu ikusgarria San Antolineko errotondan

Istripuaren arrastoa

Kamioia eta Deba ibaia atzean