Martxan dago elgoibarren.net atari digitala

elgoibarren.net 2006ko urr. 20a, 10:53

Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak sortutako atari digitala da begi-bistan duzuen hau. Elgoibarko orainkaria izatea da ekimen honen helburu nagusia. Alegia, herritarrek uneoro eta edozein tokitatik Elgoibarko informazioa momentuan eskuratzeko gunea izatea. Astelehenetik aurrera egunero bi edo hiru albiste emango ditugu. Egunean egunekoak izango dira eta ordenagailutik mugitu gabe jasotzeko aukerarekin.

Hasteko, 4 atal nagusirekin abiatuko gara, baina, aurrera begira, atal eta zerbitzuak gehitzeko asmoa daukagu. Momentuz dauden lau atal nagusiak honako hauek dira:  

1) Notiziak:

Kronologikoki agertuko dira orrialdean (idatzitako azken albistea lehenengoa azalduko da). Asteburuetan, normalean, ez dugu notiziarik sartuko, baina okasioak eskatzen duenean ez diogu lanari atzea emango. Albisteen gainean komentarioak egiteko aukera izango da eta hauek automatikoki argitaratuko dira. Hortaz, albistea osatu edo iritzia emateko aukera izango duzue irakurleok. Hori bai, elgoibarren.net editore batek kudeatuko du, eta ataria eguneratzeaz gain, erabiltzaileen iritziak moderatzeaz era arduratuko da. Halaber, nahi izanez gero, albisteen titulu eta azpitituluak norberaren helbide elektronikoan jasotzeko aukera izango da e-posta harpidetza bidez erregistratuta (azal-orrian, ezkerreko zutabean). Honela, web-ean azaltzen diren albisteen berri izango du sarean azaldu bezain laster, eta handik albiste osoa irakurtzeko aukera izango da.  

2) Agenda:

Elgoibarko agenda izatea nahi da. Orri nagusian, egun horretako ekitaldi guztiak agertuko dira. Bestalde, egunez egun nahiz ekitaldi motaren arabera bilaketak egin ahalko dira. Gainera, formulario erraz baten bitartez, agenda irakurleek beraiek osatzeko aukera izango dute. 

3) Mediateka:

Erretratuei eta bideoei leku berezia egingo diegu elgoibarren.net web gunean. Mediateka gaien arabera egituratuta egongo da eta irakurleek erretratu eta bideoak bidaltzeko aukera izango da. Momentuz atal batzuk hutsik aurkituko dituzuen arren, poliki-poliki betetzen joango gara. Erabiltzaileok ere argazkiak bidal ditzakezue gure helbide elektronikora eta berehala jarriko ditugu ikusteko moduan. Une honetan, 2004, 2005 eta 2006ko San Bartolome jaietako argazkiak ikusgai dituzue mediatekan

4) BARREN aldizkaria:

BARREN astekaria PDF formatuan Internet bidez ikusi eta irakurtzeko moduan jarri dugu. Alea irakurtzeko aukeraz gain, bilaketak egiteko modua ere izango da.

5) Bilaketak

elgoibarren.net gure herrian orain arte gertatu denaren eta gertatuko denaren artxiboa izatea nahi dugu. Horretarako, Bilatu atal denetan atalean, bilaketak egin ahal izango dira. Segundo gutxitan, bilatzailean sartu dugun berbari erreferentzia egiten dioten artikulu edo aipamen guztiak agertuko dira. Webguneko albisteetan,hauen komentarioetan, agendan eta mediatekan topatuko ditu erreferentziok gure bilatzaileak, eta noski, baita BARREN astekariko PDF guztietan ere.