Gol olinpikoa sartu zuen Eli Ibarrak Athletic-ekin

elgoibarren.net 2006ko urr. 23a, 17:09

Eli Ibarra Athletic-eko aurrelari elgoibartarrak gol olinpikoa sartu zuen atzo, zuri-gorriek Sevillaren aurka jokatu zuten Superligako partidan. Futbolean lortu daitekeen golik estetiko eta zailenetarikoa dugu olinpikoa. Bilbotarrek 4 eta 2 irabazi zuten Sevillan jokatutako norgehiagoka eta Ibarrak bi gol sartu zituen, lehena falta jaurtiketaz eta hirugarrena; aipaturiko gol olinpiko ikusgarria. 

 

 

Zer da Gol Olinpikoa: Kornerretik baloia inork ikutu gabe sare barruan sartzen diren golei deritzaie gol olinpiko.

Eli Ibarrak atzo Sevillan sartutakoa ez da lortzen duen estrainekoa. Duela 3 urte beste bat sartu zuela aipatu digu: "talde portugaldar baten aurka sartu nuen Chanpion txapelketan".

Gol olinpikoa sartzea berezia dela gaineratu digu: "ez dira askotan ikusten, sartzeko zailak eta aldi berean ikusgarriak baitira". Golaren edertasunaz haratago, partida bideratzeko garrantzitsua izan zela uste du Ibarrak: "Izan ere, partida garrantzitsua zen, sevillarrak gure arerio zuzenak baitira. Iaz, Lezaman, gure aurka galdu zuten Liga txapeldun izateko aukera, eta gogo biziz jokatzen ari ziren gure aurka. Lehen golak partida gure alde erabakitzen lagundu zuen".

Teknika aparta 

Eli Ibarra (ezkerrean) eta Itziar Gurrutxaga, Athleticeko jokalari elgoibartarrak

 

Ezker zango bikaina du Elik, eta bere ardura da ezker hegaleko korner guztiak erdiratzea. Korner itxiak erdiratzea gustuko duela aitortzen du elgoibartarrak, "beti taldekideen buruen bila joaten naiz; sekula ez gol olinpikoa sartzeko intentzioarekin".

 

 

 

 

 

Denboraldi hasiera ona 

Superligako 5 jardunaldi jokatu ostean, gustura dago Eli taldea erakusten ari den mailarekin. Une honetan sailkapeneko 3. postuan daude 10 punturekin. Hiru partida irabazi, bat berdindu eta bakarra galdu dituzte oraingoz. Gainera, La Puebla taldearen aurka galdu zuten partida baliteke bulegoetan irabaztea, Extremadurako taldeak arauz kanpoko lerrokadura egin zuela salatu baitu talde bilbotarrak.

Superliga oso orekatua 

Bestalde, Superligako maila izugarri igo da Ibarraren iritziz, "edozein taldek irabaz dakioke orain edonori. Guk, Espanyol, iazko liga irabazlea, eta Sevilla, iazko bigarren sailkatua, menperatu ditugu oraingoz eta garaipenok konfidantza handia eman digute. Levante dago momentuz lidergoan, partidu bakar bat galdu gabe. Alabaina, talderik indartsuenen aurka jokatzea falta zaio oraindik".

Momentuko euskal futbol talderik onena 

Euskal taldeek (Athletic eta Realak, batez ere) poztasun gutxi eman dizkigute orain arte, hortaz, beste erremediorik ezean, Athletic-eko nesken ibilbide arrakastatsua gertutik jarraitu beharko dugu, lan oso txukuna egiten dihardute-eta, azken denboraldietan.