Kiroldegi berri baten beharra ikusten du EAJ alderdiak

elgoibarren.net 2006ko urr. 26a, 12:37

Horrela azaltzen zuen Diario Vasco egunkarian (24-10-2006) argitaratu zen albisteak. Marivi Agirregomezkorta alkateak elgoibarren.net atari digitalari eman dizkion azalpenen arabera, “Kiroldegi berria eraikitzearena ideia soil bat besterik ez da. Momentuz, ez dago ezer zehatzik”. Halere, onartzen du kiroldegi berri edo hobeago baten beharra dagoela.

Herri eztabaidarako gai mamitsua plazaratu zuen DVk herriko kronikan. Herrian bolo-bolo zabaldu ei zen zurrumurru bati oihartzun eginez, Kiroldegia txiki geratu den ideia plazaratzen zuen, eta Mintxetako kirolgunean dauden lurrak irtenbide aproposa izan daitezkeela gaineratzen zen artikuluan. 

Kiroldegia txiki geratu da

Marivi Agirregomezkorta (EAJ), Elgoibarko alkateak elgoibarren.net-i esandakotik: "herria hobetzeko egin daitezkeen; eta egin beharreko, beste lanetako bat besterik ez da kiroldegia berritzea. Oraingoz, ideia bat. Ez dago proiektu zehatzik. Alabaina, zerbait egin beharra dagoela argi ikusten dute EAJ alderdiaren barruan, "Kiroldegia egin zenetik urte mordoxka pasa dira eta erabiltzaileen kopurua, ohiturak eta beharrak asko aldatu dira".

Finantziazioan dago koska

Udalean lehentasunen arabera lan egiten dugu eta hauek erabakitzerako orduan diruak du azken hitza. Hortaz, eta kiroldegi berri batek duen kostua kontutan hartuz, finantziazio bide berriak topatu beharko genituzke, kiroldegia ez baita lehentasun premiazkoen multzoan sartzen. Momentuz ez daukagu baliabiderik eta bide berriok aztertzen ere ez gara hasi”.

Itxaropen faltsurik ez

Alkateak ez du herritarrek itxaropen faltsurik egiterik nahi. “Beste behar batzuk dute lehentasuna eta horiek betetzen saiatuko gara. Sigmako errotonda berria, esaterako. Alkatetzara sartu nintzenetik begitartean eduki dudan proiektua, aurrera aterako da azkenean. Udaleko kontuek denbora behar izaten dutela esan nahi dut".

Izatekotan Mintxetan 

1706642047633 Kiroldegi berri baten beharra ikusten du EAJ alderdiak

"Olaizaga Kiroldegiak dituen mugak gainditzeko bi aukera daude: dagoena hobetu edo kiroldegi berria eraiki". Alkatearen iritziz, egungo kiroldegia handitzeko zein hobetzeko mugatua dagoenez, etorkizunean kiroldegi berri bat eraikitzen bada, Mintxeta izan daiteke lekurik aproposena: "lekua dago eta kirol-gune guztiak bateratuko genituzke".