Tentsio uneak bizi dira
Ertzain askok hartu dute parte operazioan eta zenbait herritar ere bertaratu dira protesta egitera. Ertzaintzaren 3 furgoneta eta mendi-ibilgailu bat azaldu dira arratsaldeko 17:45 inguruan Santa Ana kalean. Horrelakoetan ohikoa izaten den moduan, tentsio uneak izan dira nagusi.
Miaketak iraun duen bitartean "Errepresioa ez da bidea" pankarta eskuetan zutela, manifestazioa egin du herritar multzo batek kanpokaldean. Manifestazioa aurrez ez abisatzeagatik isuna jarriko diete lagun hauei eta gazte bat identifikatu arazi dute Ertzaintzako agenteek.
Ertzantzaren miaketak ezustean harrapatu ditu
Manifestazioan parte hartzen ari zen gazte batek adierazi digunez, "Bagenekien Kimetz Elkartea Ertzaintzaren dossierretan agertzen zela, baina ezustean harrapatu gaitu. Ahalbailehen erreakzionatu eta beste herrietan erabili duten lelo berdinarekin egin dugu manifestaldia".
Kimetz Elkarte barruan, Zuzendaritzako kide batek jaso ditu operazioaren inguruko Ertzaintzaren azalpenak.
Auzitegi Gorenaren erabakia izan da
•Espainiako Auzitegi Gorenak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herriko taberna guztietara "lehenbailehen" batzorde judizialak bidaltzeko agindua eman zuen, lokalen eta ondasunen inbentarioa egin dezaten.
•Gorenak dioenez, Batasunaren ilegalizazioa guztiz gauzatzeko ondasun horien likidazioa ezinbestekoa da, Batasunak eta herriko tabernek elkarrekin lotura dutela agertzen duten arrastoak daudela uste baitu.
Kimetz Arrano Elkartea da
Kimetz Elkartea ez da herriko taberna bat, Arrano Elkartea baizik. Dirudienez, Gorenaren agindua ez da herriko tabernetara bakarrik mugatzen. Arrano Elkarte izenpean dauden taberna, lokal edo elkarte guztiak miatzeko agindua dute. Euskal Herrian 400 Arrano Elkarte inguru daude.