Errepublikaren aldeko sinadura bilketa azaroaren 9an

elgoibarren.net 2006ko urr. 30a, 10:13

II. Errepublikaren aldarrikapenaren 75. urteurrena dela-eta, Ezker Batua/Berdeak alderdiak giza eta politika kontzientziazko kanpaina jarri du martxan. Helburua: monarkiaren aurrean Errepublikak duen legitimitatea aldarrikatzea, “Akabo esamesak” lemapean. Azaroaren 9an egingo da sinadura-bilketa Plaza Handian. Bestalde, egoitza berria inauguratuko du alderdiak Errosario kalean.

50.000 sinadura batu nahi dituzte 

Euskadin 50.000 sinadura lortzea da EB/Berdeak alderdiaren xedea. Sinadurak, Zarzuelako Jauregira, Diputatuen Kongresura, Eusko Lege Biltzarrera eta Estatuko Gobernuko presidenteari bidaliko dizkiote, eta sinadura hauekin, erreferendum bat ospatzea eskatuko dute, “errepublika eta monarkia artean libre erabakitzeko aukera izan dezagun”.

Altxamendu frankistaren 70. urteurrena

1706642045862 Errepublikaren aldeko sinadura bilketa azaroaren 9an

Gerra zibilaren hasiera markatu zuen altxamendu frankistaren 70. urteurrena betetzen da aurten. Horrez gain, II. Errepublikaren aldarrikapenaren 75. urteurrena ere ospatzen da. “Aurrerapen garaia suposatu zuen: emakumearen botoaren onarpena, gizarte segurantzaren ezarpena, autonomi estatutuen onarpena, e.a.”

Javier Madrazo egoitza berriaren inaugurazioan

Javier Madrazo, Ezker Batua/Berdeak alderdiko koordinatzaile nagusiak inauguratuko du alderdiak aurrerantzean Elgoibarren izango duen egoitza berria. Errosario kaleko 6. zenbakian egongo da. Inaugurazioa azaroaren 10ean izango da, 19:00etatik aurrera.

• Sinadura bilketa:
Azaroak 9 (eguena) 18:30-20:00. Plaza Handian

• Elgoibarko egoitza berriaren inaugurazioa. (Errosario kalea, 6. zenbakia)
Azaroak 10 (barixakua). 19:00.

• Errepublikaren inguruko erakusketa
Azaroaren 10etik 17ra. Ordutegia: 18:00 - 20:00. Elgoibarko Ezker Batu/Berdeak-en egoitza berrian.