Txinara bidaiatuko dute Debabarreneko alkateek

elgoibarren.net 2006ko aza. 2a, 11:32

Elgoibar, Eibar, Mutriku, Deba, Mallabia eta Ermuko alkateek Txinako errealitate industriala ezagutzeko aukera izango dute azaroaren 3tik 13ra bitartean herrialde asiarrera egingo duten bidaian. Debegesak antolatu du bisita hau.

Bisitaren helburu nagusia: asiar herrialdearen hazkunde industrialaren fenomenoa lehen eskutik ezagutzea eta Debabarreneko enpresentzat interesekoak izan daitezkeen inpresio, aukera eta mehatxuak ezagutzea da. Baita industria-esperientziak kontrastatzea ere. Bisita azaroaren 3 eta 13 bitartean egingo da eta eskualdeko 6 alkate eta Debegesak parte hartuko dute bertan.

Txinara bidaiatuko duten alkateak:
Marivi Agirregomezkorta (Elgoibar)
• Iñaki Arriola (Eibar)
• Estanis Osinalde (Mutriku)
• Jesus Mari Agirezabala (Deba)
• Jose Ramon Olalde (Mallabia)
• Carlos Totorika (Ermua)
*Mendaro eta Soraluzeko alkateak ere gonbidatuak izan dira, baina ezin izango dira joan.

Debegesak antolatu du
Debegesak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, antolatu du bisita hau.

Konpetentzia industrialaren inguruko kezka
Bidaia, batez ere, Shangain, Pekinen, eta hauen inguruko guneetan zentratuko da. Erraldoi asiarraren konpetentzia industrialaren inguruko kezka ez da berria eskualdeko enpresentzat, eta Debabarreneko hainbat enpresek merkatu global honi erantzuna eman diete jada. Zentzu honetan, hainbat enpresa herrialde asiatikoan ezarri dira.

Txinara joanak diren enpresa zuzendariekin batuko dira
Zehaztutako helburuak lortzeko, eskualdeko alkateek agenda bete-betea izango dute. Honela, bertako hainbat Merkataritza Ganberatako arduradunekin eta salmenta arduradun bilduko dira. Bestalde, Txinara joanak diren hainbat enpresa zuzendarirekin ere bilduko dira.

Deslokalizazioaren eraginaren beldur
Bidaia honen idea hainbat erakundeetako ordezkariekin kontrastatu da, baita Merkataritza Ganberarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere. "Guztiek Debabarreneko alkateak bidaia egitera animatu dituzte. Deslokalizazioaren eragina, batez ere, enpresa txikietan nabarmentzen den arren, Debegesak aurrera eraman dituen hainbat ikerketek eskualdeko enpresek lehiakortasun gaitasuna galtzeko arriskua izan dezaketela diote, honek lan postuen gutxitzea ere ekar dezake” Jose Angel Balbas Debegesako gerentearen esanetan.

Aukera berriak identifikatzeko itxaropena

Eskualdeko udaletako arduradunek inpresio eta esperientzia desberdinak kontrastatzeko aukera izatea espero dute bidaia honetan eta honenbestez, baita Debabarreneko enpresentzat aukera berriak identifikatzea ere espero dute.