Elgoibar Ikastolaren leiho txiki bat izan nahi du elgoibarkoikastola.net atari digitalak, “hezkuntza-komunitatea osatzen dugunok, edonon gaudela ere, Ikastolarekin lotura gal ez dezagun” bertako arduradunen esanetan.
Arrasto luzea duen proiektua
Webgunea ekain bukaeratik martxan dagoen arren, duela 3 urte inguru hasi zen Ikastolako IKT (Informazio eta Komunikaziorako Teknologien garapenerako) taldea proiektu hau prestatzen. Hasieran intranet edo barruko sare moduan jarri zuten abian, hau da, barneko komunikaziorako tresna moduan. Helburutzat; Ikastola barruko gestioa ahalbidetzea eta erraztea zuen.
Jendearen bistara jarri dutena, berriz, publiko egin zitekeen alderdia izan da. Proiektuaren eskaparate modukoa den elgoibarkoikastola.net webgunea, hain zuzen ere. “Honen atzean, oraindik azaleratu gabe, askoz handiagoa den proiektua darabilgu eskuartean. Datorren ikasturtetik aurrera, Ikasweb-en sartzean (aurrez identifikatuta dauden familiek) ikasleen datutegietara sarbidea edukitzea da gure asmoa. Modu honetan, ikaslearen segimendua etxetik ere egiteko aukera izango da: ebaluazio txostenak, notak, e.a.”
Atalak
Honako hauek dira webguneak dituen atal nagusiak:
•Informazio orokorra: notiziak, eskola egutegia, familientzako oharrak, e.a.
•Ikastolako proiektuen berri emateko atala. Proiektu orokorrak eta mailaz mailakoak.
•Semealabok atala. Gurasoei zuzendutako informazioa, adin bakoitzeko ezaugarriak kontutan hartuz.
•Argazkien eta bideoen txokoa. Ikastolaren inaugurazioko bideoak eta 25. urteurrenekoak (Joan Mari Iriondok lagatakoak) jarri dituzte txoko honetan, besteak beste.
•Lotura interesgarriak. Bertako irakasleen blog interesgarrienetara, kasu.
Komunikazio teknologien garapenerako ikastetxe pilotua
Elgoibar Ikastola, informazio eta komunikazio teknologien garapenerako ikastetxe pilotu moduan aritu da, Ikastolen Elkarteko beste ikastolekin batera. Denek helmuga bera bilatzen dute; “gure ikasleek teknologia berrietan ere egungo gizarteak eskatzen duen maila izan dezatela. Apal, baina tinko, azpiegiturak berritzen joan gara, gure lana egiteko era eguneratu eta hobetzen, eta izan garenari eutsiz, izan nahi dugunari heltzen”.
Herri ekimenetik sortua, herriaren zerbitzura
Egunero egiten duten ahalegina ezagutarazi nahi du Ikastolak, “guraso eta langileek osatutako kooperatiba gara; herri ekimenetik sortu ginen, herriaren zerbitzura gaude eta gure hartzaileak diren ikasle eta familien beharrak ase nahi ditugu. Horretarako, nahitaezkoa zaigu hauen ahots ahalik eta bide gehienetatik jasotzea. Balio beza leiho txiki honek hori guztia bideratzeko”.