“Bagabiltza” izeneko 900 metroko bide berria
“Bagabiltza” izena jarri zioten Monasteriok eta Saez de Urabainek Peruko Rondoy mendiaren mendebaldeko aurpegian ireki zuten 900 metroko bide berriari. Eguraldi txarraren ondorioz 7 egun kanpinean sartuta itxaron behar izan zuten mendian sartzeko. Gauzak azkarrago joan ziren gero: 30 ordutan lortu zuten bide berria irekitzea. Atsedenik gabeko 30 orduko mendi jarduera gogorra izan zen, ordea.
Emaitza: 900 metroko bide erabat glaziarra (VII/5 zailtasuneko zatiekin). Bideak OZ+ (Oso Zaila +) zailtasuna merezi zuela adostu zuten Aritza Monasteriok eta Saez de Urabainek. Tontorrera eramango zituen erlaitzera (5.800 m.) gauez (21:30ak pasata) iritsi zen eskalatzaile bikotea, eta erlaitzaren handitasuna ikusirik, tontorrera egin beharrean beheranzko rappelekin hasteko erabakia hartu zuten, zuhurtziaz. Helburua lortua zuten, bide berria irekita zegoen. Tontorrak baino bidea nondik eta nola igotzen den da garrantzitsua mendizaleontzat.
Mendi ikusgarria, zaila eta ezezaguna
Lehen igoera: 1961ean igo zuten estreinakoz Walter Bonnati eta Andrea Oggini mendizale mitikoek, iparraldeko hormatik igo ere. Ordutik mendizale gutxi saiatu dira Rondoy igotzen, eta saiakera gehienak antzuak izan dira. Erronka paregabea Aritza moduko mendizale batentzat. Izan ere, mendizale gutxi ibiltzen diren mendi eta horma ezezagunetarako joera du. Mendi gidari lanak lagatzen dion heinean, urtero mendi jarduera interesgarri bat egiteko ohitura du. Eta ez edonolako jarduerak. Jaso dituen sari eta aipamenak dira aukeratzen dituen bide eta mendien zailtasunaren adierazgarri.
Gonbidapen ukaezia
Euskal Mendizale Federazioak Jarduera Onenaren Saria eman zion 2002an Aritza Monasteriori, Siula Grande mendian ireki zuen bideagatik. Igoera haren inguruko ikus-entzunezkoa prestatzera Euskal Herrira egin zuen azken bisitan ezagutu zuen, hain zuzen, Mikel Saez de Urabain.
Ikus-entzunezkoa prestatzen lagundu zion Mikelek Aritzari. Mendiari buruzko ikuspegi antzerakoa zutela ohartu ziren eta iaz joan ziren estrainekoz elkarrekin eskalatzera. Aritzaren deia ez zen asko luzatu, Rondoy mendiaren argazki batzuren bitartez egin zion mendia elkarrekin eskalatzeko gonbidapena. Gonbidapen ukaezina Saez de Urabainentzat.
Huarazen mendi gidari