• “Realeko jokalarien aurka ez dut ezer, baina bai agintarien aurka” bereizten du. “Ulertzen dut Realak bere interesak defendatzea, ez, ordea, azken 17 hilabeteotan ni futbolari gisa ez aritzeko egin dituzten esfortzuak. Bata eta bestea ez dira berdinak. Mendeku berba ez dakit egokiena den, baina Realeko administrazio kontseiluak egin dituen ahaleginok egin didate minik gehien”. Mendaroarraren berbetan, Athletic tartean ez balitz, “Realak ez lituzke horrenbeste oztopo ipiniko”.
• Realak une batzutan jarri dituen “bideko oztopoak” direla-eta, dena bertan behera laga eta bizimodu “normalagoa” egiteko zorian egon dela aitortzen du Zubiaurrek.
• Izaera baikorrak eta dena konponduko zen itxaropenak lagundu diote aurrera egiten, “Athleticen jokatuko nuen unea iritsiko zela sinisten nuen”
• Prozesu luze honetan ez ei da bakarrik eta babes gabe sentitu, “Txema Noriegarekin harreman estua eduki dut, askotan egin dugu berba telefonoz. Baita Athleticeko zenbait jokalarirekin ere”. Real zaleekin ere ez duela inolako arazorik eduki argitzen du. “Mendaron, nire herrian, ere ez dut arazorik izan eta, garrantzitsuena, nire kasua ulertu dute”. Azkenik, Elgoibar eta Durangoko futbol taldeak ere eskertu nahi ditu Zubiaurrek, “bat gehiago moduan hartu ninduten, normaltasunez”.
• Azken 17 hilabeteak “oso gogorra” izan direla errepikatzen du mendaroarrak. “nire kabuz entrenatzen jardun dudan arren, taldeko dinamikan sartu, sasoiko jarri eta berriz jokatzeko moduan egoteko denbora beharko dut”.
• Etorkizunari begira, 8 urteko kontratua luzea ez dela “karga” bat izango uste du, “motibazio eta lasaitasun iturria baizik”.
Bestalde, familia guztia athletic zalea izan dela betidanik argitzen du, “txikitatik joan naiz San Mamesera Athleticen partidak jarraitzera. Logikoa da Athletic gustatzea”.
Bigarren aurkezpena
18 hilabete eta gero, bigarren aldiz aurkeztuko du Athleticek Iban Zubiaurre futbolaria. 2014ko ekainaren 30era arte talde txuri-gorriarekin lotuko duen kontratua sinatuko du mendaroarrak. 21 milioi euroko etete klausula ezarri dio Athleticek.
Profesionalen Futbol Ligak Iban Zubiaurreren lizentzia onartu ostean hartu du Athleticek futbolaria aurkezteko erabakia. Ligak Realari jakinarazi dionez, Athleticek 5 milioi euroen abala aurkeztu du jadanik, eta hortaz, jokalariaren fitxa tramitatu ahal izan du.
Reala isilik, oraingoz
Auzi honek epaitegietan sorrarazi dituen errekurtsoak Auzitegi Gorenera iritsi dira. Hiru hilabeteko epean, gutxi gorabehera, jakingo du Realak bere errekurtsoa onartua den ala ez. Errekurtsoak aurrera jarraitzen badu 8 edo 9 hilabete barru emango luke Gorenak azken sententzia.
Informazio gehiago: