“Aterkings” taldearen bigarren diskoa kalean da

elgoibarren.net 2006ko aza. 20a, 18:43

Aterqueens izeneko diskoa argitaratu du Aterkings taldeak. Rock & roll garajero eta indartsua da Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin atera berri duten diskoan entzun daitekeena. Martxelo Mendizabal eta Alberto Gonzalez elgoibartarrek eta Markinako musikariek osatutako taldearen bigarren diskoa da.

Iker Barandiaran kazetari eta musika adituak idatzi duen testuak ederki azaltzen du Aterkings-ek Aterqueens erditzeko bizi duten transformazioa:

ATERKINGS “Aterqueens”  

Bigarren lan honetan Elgoibar eta Markinako musikariek aterkina guztiz zabaldu eta euren barruko sena azaleratu dute auzotarrek zer esango duten jaramon egin gabe. Hain zuzen ere, Euskal Herri barru-barruko autoktonoenetik, zigarro-puruaren ke eta apustu usaineko frontoietatik, patxuli usaineko larruzko eserleku glamourosoetara pasa dira ziztu baten, plataformak eta leopardo-mallak gainean jantzita. Ez dute inolako lotsarik eta ez dute ahaztu, beste askok egin duten bezala, rock-and-rolla ondo pasatzea dela. Hori dute premisa nagusiena.

Hala, hamar kantu berri aurkeztu dizkigute eta esentzian ez dute helburua aldatu, ostia txarreko punk-rocka dute-eta oinarri nagusi. Diskoa Kike Turmixi dedikatu diote eta hori ez da kasualitatea izango, Pleasure Fuckers taldearen “Ripped to the tis” asmo-aitorpena bertsionatzeaz gain, debatar hark gidatutako taldearen amorrua eta gitarrak bereganatu dituztelako. Horrez gain, Ramonesen, Sonics-en, Stoogesen eta punk-rockaren bestelako ikono sinesgarrien aztarnak antzematen dira; harira doazen seinale.

Ia kantu guztietan euskaraz abesten dute eta hitzei dagokionez ez dute ezer asmatu, baina ez dago tontakeriarik: batez ere neskei abesten diete –gaiztoei, desiratakoei, denbora alperrik galtzen ez dutenei…- eta baita edanari, auzoko txuloei, etsaiei eta meteoritoei (¡!), besteak beste.

Iker Barandiaran

1706642009930 “Aterkings” taldearen bigarren diskoa kalean da

1706642009968 “Aterkings” taldearen bigarren diskoa kalean da

 

Aterkings dira:
Iñigo Goikoetxea Ahotsa Mikel Txurruka Gitarra eta koroak 
Iker Etxebarria Baxua eta koroak Martxelo Mendizabal Bateria Alberto Gonzalez Gitarra eta Hammond organoa 

ATERKINGS Vs Aterqueens GH- 107 CD
1. Ez nauzu atrapatuko 2. Meteoritu 3. Dance tonite 4. Bakarrik gatuko za 5. Chulo del barrio 6. My baby only wants to dance 7. Lau hormen artean 8. Ripped to the tits 9. Laugarren lainoa 10. Lista negra