Martxan da zebra-bideak eta semaforoak errespetatzeko zaintza kanpaina

elgoibarren.net 2006ko aza. 27a, 09:18

Euskadiko kale eta errepideetan gertatzen diren auto harrapatzeak gutxitzeko zaintza eta kontrol kanpaina martxan jarri dute Ertzaintzak eta udaltzainek. Datorren astera arte iraungo du kanpainak.

 

 

• Gidarientzako:
   Semaforoa gorrian pasatzeak edo seinalatutako igarobide batean oinezkoak duen lehentasuna ez errespetatzeak 150 euroko isuna ekarriko du, eta gidabaimenean 4 puntu galtzea.
• Oinezkoentzako
   Semaforoa gorrian igarotzeak edo zebra biderik ez dagoen lekuan bidea gurutzatzeak 90 euroko multa ekarri dezake. Zigor hori 100 eurotara iritsi daiteke autoek lehentasuna duten lekuetan oinezkoek bidea ematen ez dietenean.

 

1706642006546 Martxan da zebra-bideak eta semaforoak errespetatzeko zaintza kanpaina

Ekimen hau Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoa 2003-2006 izenekoaren baitan kokatzen da. Harrapatzeak gutxitzea da, gehiegizko abiadura mugak errespetatzearekin batera, Plan Estrategikoaren lehentasunetako bat.

Salaketarik gabe eraginkortasun gutxi
Javier Oñederra udaltzainburuak azaldu digunez, “Kanpainak, bai gidariek eta baita oinezkoek ere, kontzientzia har dezaten egiten dira: gidariek, bere betebeharrez ardura har dezaten eta oinezkoek, berriz, euren ardurak zein diren jakin dezaten. Kontzientzia hartzeko den arren, esperientziak erakusten du, jakinarazteak berak bakarrik, salaketarik ez badu, ez duela ezer asko balio. Gauzak diren moduan esateko, elgoibartarrok ez ditugu espaloiak, oinezkoen pasabideak, elbarrituentzako espaloietako beheraguneak, elbarrituentzako aparkalekuak errespetatzen, eta hau larria eta arriskutsua da”.

Ez da udaltzain kopurua handituko
Kanpaina hau dela-eta ez da udaltzain kopurua handituko. Udaltzainek, “eguneroko jardunean kontu gehiagorekin erreparatuko diote kanpainak ukitzen dituen gaiak. Kasu honetan, semaforoak eta oinezkoentzako diren pasabideen erabileran sakonduko da, aldi berean aurretik datozen telefono mugikorren erabilera, segurtasun uhala, eta abarren kanpainekin jarraituko dugu". Guzti hau ohartarazpen eta salaketen bitartez landuko da. Udaltzainburuak kanpainaren eraginkortasunean sinisten du. “Seguru nago, kanpaina hauen bidez errespetua zabalduko dugula, lan horretan gida baimenaren puntuak galtzeko arriskuak eragina izango baitu”.
 
Informazio gehiago:
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila (PDF)
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazioa Saila