Santa Klarako Babes Ofizialeko 12 etxebizitzen zozketan, araudia errespetatu dela dio Jaurlaritzak

elgoibarren.net 2006ko abe. 1a, 09:40

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak, Santa Klara auzoan eraikiko diren Babes Ofizialeko 12 etxebizitzen adjudikazio prozesuan zuzen jokatu dela, eta, babes publikoko etxebizitzen zozketetarako Jaurlaritzak ezarritako araudia zuzen bete dela ziurtatzen du. (Ikus prentsa oharra osorik)

 
 
Prentsa Oharra:
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak, Elgoibarren eraikiko diren Babes Ofizialeko 12 etxebizitzen adjudikazio prozesuan, babes publikoko etxebizitzen zozketetarako Jaurlaritzak ezarritako araudia bete dela ziurtatzen du.
Babes Ofizialeko etxe hauek kooperatiba batek (Aizkorri S. Koop.) sustatutako ekimen pribatu baten ondorioz eraikiko dira. Honelako kasuetan, adjudikazio prozesua bakarrik kontrolatzen du Jaurlaritzak, izan ere, 2004. urteaz geroztik, Babes Ofizialeko ekimen pribatuak ere zozketa bitartez esleitu behar dira.
Kooperatibek sustatutako Babes Ofizialeko ekimen pribatuak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako eta Gizarte Gaietarako Sailburuaren 2004ko ekainaren 30eko Aginduari jarraituz, zozketen datak inguruan zabalkunde handiena daukan egunkarian eta lurralde historiko bakoitzeko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar direla zehazten da. Bi baldintza hauek zehatz mehatz bete ziren. Honez gain, Etxebidek bere webgunean ere eman zuen zozketaren berri, jakinerazpen hau egitea hautazkoa zen arren.
Elgoibarko etxebizitzen zozketa, beste herri batzuetan egin den modu berean egin dela argitu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Antzerako promozioak egin diren beste herriotan ez da inolako zalantzarik sortu, eta Etxebiden izena emandako jendea normaltasunez apuntatu da. Udal herrian erroldatuta egotea (gutxienez urtebeteko antzinatasunaz), etxebizitza baten jabe ez izatea eta urteko diru irabaziak 3.000 eta 21.100 euro artekoak izatea ziren Babes Ofizialeko etxe bat eskatu ahal izateko baldintzak.
Eusko Jaurlaritza (Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila)
 
Iragarkia El Mundo egunkarian 
Aizkorri Kooperatibak El Mundo egunkaria aukeratu zuen iragarkia jartzeko. Zabalkundea Neurtzeko Bulegoak (ZNB) argitaratutako datuen arabera, ordea, El Mundok 6.702 ale saltzen ditu Gipuzkoan eta El Diario Vascok 103.000 ale.
Ikus datuak: OJD
 
Informazio gehiago: