Angel Ugarteburuk erretiroa hartuko du, irakaskuntzan 39 urte eman ondoren

elgoibarren.net 2006ko abe. 13a, 11:08

Urte berriarekin batera, 65 urte beteko dituen egunean, Errege egunean, hain zuzen, hartuko du erretiroa Angel Ugarteburuk, BH Institutuko irakasleak. Bere bizitzako 39 urte eskaini dizkio irakaskuntzari eta azken 24 urteetan Elgoibarko Institutuko irakaslea eta zuzendaria ere izan da. Patxada handiko gizon pentsakor honek ikasle artean pasatako urteen entresaka txiki bat egin dugu.

Ikasle garaiak
Berriatuko auzoko eskolan, zehazki Millioiko eskolan, hasi zituen ikasketak Angel Ugarteburuk. Handik, Derioko seminariora joan zen apaizgintzarako ikasketa bereziak burutzera. 10 urte pasa zituen bertan: filosofia, teologia, humanitateak, grekera edo latina moduko ikasgaien artean.

Etenaldi txiki bat
• Seminariotik atera eta ikasketetan etenaldi txikia egin zuen, “urtebetez Berrizko fundizioan beharrean jardun nuen eta beste urte bat Igorreko auto lantegi batean”. Egoera politikoa gaiztotu eta denboraldi batez desagertzea erabaki zuen gero. “Arrisku handiko ingurunean bizi nintzen, guardia zibilak edozein unetan niregana ere etorriko zirela sumatzen nuen. Arreba bat Erroman bizi nuela aprobetxatuz, bertara joatea erabaki nuen”. Erroman filosofia eta letra ikasketak osatu zituen.
• Erroman urtebete egin ostean, Deuston eta Valentzian burutu zuen filosofia eta letretako ikasketak. 1970ean eskuratu zuen titulua.
Irakasle ibilbidea

1706641987160 Angel Ugarteburuk erretiroa hartuko du, irakaskuntzan 39 urte eman ondoren

1968an Zornotzako akademia batean eman zuen estreinako klasea.
1970-1972 Lekeitioko akademia batean eman zituen klaseak. Bai Zornotzan eta bai Lekeition euskarazko klaseak eman zituen gau-eskoletan, militantziaz, ezer kobratu gabe.
1972-1978an Eibarko Mogel ikastolan hasi zen. 
1978an Elgoibarko Ikastolara etorri zen. 
1980-1982 Ikastolako zuzendari taldeko kideetako bat izan zen.
1982an Elgoibarko Arreiturre Institutuan hasi zen.
1993-1996 Institutuko zuzendaria izan zen.

Euskararen militantea

1706641987219 Angel Ugarteburuk erretiroa hartuko du, irakaskuntzan 39 urte eman ondoren

Zaila da Angelen bizitza euskararik gabe ulertzea. Gaztetatik erakutsi zuen euskararekiko joera eta lan ordu mordoa eskaini dizkio hizkuntza zahar honi. Aipagarria da Institutuko Euskara Mintegiarekin (argazkian) batera egin duen testugintza lan mardula. 1985etik 2005era bitartean hainbat hizkuntza eta literatura liburu idatzi dituzte Elkar argitaletxearentzat.
Azken urteetan euskarazko irakasle gisa jardun badu ere, latina, gimnasia, geografia, historia, filosofia edo lengoaia moduko irakasgaiak ere eman behar izan ditu Angelek irakaskuntzan egin duen ibilbide luzean.

Bertsolaritza: afizioa eta pasioa
Bertsolaritza izan da Angelen pasioetako bat. Loriton egon zen bertso eskolatik pasa zinetenok gogoratuko duzue, 80. hamarkada guztian, 10 urtez, bertso eskolaren arduraduna izan baitzen, beste batzuen laguntzaz.
 
Jubilatu eta gero, zer?

1706641987253 Angel Ugarteburuk erretiroa hartuko du, irakaskuntzan 39 urte eman ondoren

Erretiroa hartu ostean ez duela plan zehatzik aitortu digu Angelek, “osasunak laguntzen banau, ez naizela aspertuko uste dut”. Honez gain ez ei da erreta erretiratzen, “nekatua bai, baina fresko bukatzen dut. Lan giro ona eduki dugu eta gustura ibili naiz, besteak beste, irakasleon artean lehen baino kohesio handiagoa dugula uste baitut. Bakoitza bere aldetik dabilenean, gehiago nekatzen du egiten ez den lanak, egiten denak baino”.
Honez aparte, urteetan batutako esperientziari esker, “ezker eskua erabiltzen ikasi izanak asko lagundu dit”.

Irakasle gazteentzako gomendioak
Humanoa izaten eta pertsonengana hurbiltzen ikasi behar du irakasleak, eta irakasle ez den edonork, noski. Izan ere, konfiantzak pertsonak elkarrengana hurbiltzen ditu eta lanaren erdia egina daukazu etsaien ordez konplizeak bilatzen badituzu. Hasieran, irakasleak ikasleen beldur direla uste dut. Eta irakasle gogor asko dauden ikastetxeetan gertatzen da, mendekuz, ikasleek egurra ematen diotela sarritan irakasle ahulenari. Dena dela, esatea errazagoa da egitea baino. Irakaskuntza arte bat dela konturatu naiz urte hauetan. Noiz amore eman eta noiz eskatu asmatu behar den artea, alegia. Eskuharia batzeko eta sardia zabaltzeko, nire amak esaten zuen moduan”. Horratx irakasle gazteentzako gomendio baliotsuak.
Esker ona
Bere alboan jardun duten "irakasle, ikasle eta batez ere emazteari" zor dien esker ona adieraziz agurtu gaitu Angel Ugarteburuk. 
 
Argazki kuttuna

1706641987290 Angel Ugarteburuk erretiroa hartuko du, irakaskuntzan 39 urte eman ondoren

1972. urtekoa da erretratu hau, Eibarko Mogel Ikastolan ateratakoa. Argazki berezia da Angel Ugartebururentzat, euskara hutsezko lehen ikasle taldea izan zen-eta honakoa, gau-eskoletako ikasleak kontuan hartu gabe. Istorio bitxia du, gainera argazkiak. Agerian denez, Olentzeroren panpiñarekin atera ziren kalejiran. Goardia zibilak, baina, hil berri zuten Carrero Blancori iseka edo burla egiten ari zirela pentsatu zuten eta kosta zitzaien kontrakoaz jabe zitezen.