Kale eta aterpetxeetan lanean diharduten Mugarik Gabeko Erakunde batzuekin kontaktuan jarri zenean sortu zitzaion Arrillagari argazki bilduma hau egiteko aukera.
Azken 5 urteetan 9 bidaia egin ditu argazkilariak Karibeko irla honetara eta 20.000 argazkitik gora atera ditu. “Bidai bakoitza esperientzia berri bat izan da, tristea eta aberasgarria aldi berean”.
Dominikar haurren konfiantza bereganatzea izan da zailena Arrillagarentzat: “lehen bidaietan oso arrotz sentitzen nintzen, eta ume dominikarrak mesfidati eta iheskor agertzen ziren nire kameraren aurrean. Abandonatutako eta baztertutako haurrak dira, eta asko, jo, erre edo hil ere egiten dituzte”. Bizitza bezain garratzak eta mingarriak dira Arrillagaren argazkiok.
Argazki liburua ere aurkeztuko du
Argazki erakusketarekin batera, erakusketaren izen bera daraman argazki liburua aurkeztuko du argazkilari elgoibartarrak. Erakusketan bertan salgai egongo den liburua, hain zuzen ere. Jasone Osoro idazlearen lumatik ateratako argazki oinak eta testu bat dauzka liburuak, "Tentazioak" eta "Greta" liburuen egileak Dominikar Errepublikara lagundu baitzuen Arrillaga bere bidaietako batean.
Bisita gidatuak
Autoreak eskainiko dituen 3 bisita gidatuei esker, ikusleek lehen eskutik jaso ahal izango dituzte argazkiaren inguruko xehetasun guztiak eta argazkilariaren beraren inpresioak.
• Abenduaren 20an (eguaztena) 19:30
• Abenduaren 27an (eguaztena) 19:30
• Urtarrilaren 3an (eguaztena) 19:30
• Lekua: Elgoibarko Kultur Etxeko ekausketa gela
• Data: 2006ko abenduaren 15etik 2007ko urtarrilaren 7ra
• Ordua: astelehenetik zapatura, 19:00etatik 21:00etara
• Antolatzailea: Ongarri K.E eta Udaleko Kultura Zerbitzua