San Silvestre lasterketa egingo da estreinakoz, abenduaren 31n

elgoibarren.net 2006ko abe. 19a, 19:39

Urte Zahar egunean (abenduak 31) korrituko da I. San Silvestre Lasterketa. Urgazi Triatloi Taldeak antolatuta, arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta 5 kilometro inguruko ibilbide erraz eta ezagunean burutuko da. Erabat herrikoia izango da; dortsalik eta saririk gabea.




Urgazi Triatloi Taldea berpiztu egin da aurten eta taldea osatzearekin batera kirol jarduerak sustatzen hasi nahi du. “Urteko azken eguna berezia izaten da berez eta hori kontuan hartuta, kirola eginez eta lagun arteko giroan agurtu nahi ditugu urte zaharra eta berria.

Leku askotan mozorrotuta ateratzen da jendea San Silvestre lasterketara

Euskal Herriko eta kanpoko herri askotan izaten da egun horretan San Silvestre lasterketa. Gurean ere tradizio berri bat sortu nahi dugu lasterketa herrikoi honekin”. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da lasterketa. “Goizean jende askok egiten du Aizkorrira eta horregatik arratsalderako antolatu dugu”.
 
 
Lasterketa herrikoia izango da
Parte hartzen dutenek ez dute ezer ordainduko eta dortsalik eta saririk ere ez da egongo. “Horiek antolatzen hasi ginenean ikusi genuen dortsalek eta sariek jendea lehiara bultzatuko luketela eta ez dela hori gure asmoa. 5 km inguruko ibilbide erraz eta ezagunean ahalik eta elgoibartar gehien biltzea da gure nahia, lehiarako badirelako beste hamaika lasterketa urte osoan”.
Lasterketa herritar guztientzat izango da, profesional nahiz amateurrentzat: “adin orotako jendeak parte hartzea nahi dugu, baina kirol ekintza bat izanik, parte-hartzaileei arreta eskatu nahi diegu, gutxieneko prestakuntza fisikoa izan dezaten. Lasterketa Plaza Handian hasiko da 17:00etan, eta honako ibilbide hau izango du:
      
• IBILBIDEA:
Irteera: Plaza Handia
San Ana kalea
Tren Geltokiaren kalea
Kiroldegia
IMH institutura jaitsi
San Lorentzoko bide “zaharretik” Ibarreneako baserrira
Ezkerrera hartu eta San Lorentzoko bide “berritik” errepideko bidegurutzeraino
Albitxuriko aldapatik enpresagunera
Melitongo zubira jaitsi
Artetxe kalea
Maalako parketa
San Frantzisko kalea
San Bartolome kalea
Helmuga: Plaza Handia

DATUAK:
Eguna: Abenduak 31, igandea.
Ordua: 17:00.
Luzera: 5 km inguru.