Sileshi Sihine, Munduko Kros txapeldunordea, izango da Mugerza Kroseko izarra

elgoibarren.net 2007ko urt. 9a, 14:35

Sileshi Sihine etiopiarra izango da Juan Mugerza Nazioarteko 64. Krosa irabazteko faborito nagusia, munduko atletarik onenetakoaz ari baikara. 2006ko Munduko Kros Txapelketan (Osaka, Japonia), esaterako, Kenenisa Bekele handiak bakarrik hartu zuen mendean. Domeka honetan, urtarrilaren 14an, izango den krosaren aurkezpena egin dute antolatzaileek Udaleko Pleno aretoan.




Munduko Kros txapeldunordea Elgoibarren

Sihine, ezkerretik lehena, Gebreselassie eta Bekelerekin, ametsetako hirukotea

Mintxeta Atletismo Taldeko kideek antxintxikari garrantzitsuak lotuta zituzten aurtengo kroserako, baina izen handi bat falta zitzaien. Bada, Zigor Diez, Kroseko koordinatzaileak udaletxean emandako prentsaurrean baieztatu duenez, Sileshi Sihine da Mugerza krosaren oihartzuna urrunera zabalduko duen izen hori.
 
 
 
Denbora luzea darama etiopiarrak Espainian korrika egin gabe eta Elgoibarko krosa aukeratu du aurtengo kros denboraldia prestatzeko asmoarekin. Kenenisa Bekele, herrikide eta historiako atleta onenetakoaren itzalean egon izan da beti Sihine, baina, aurten Bekelek Munduko Kros Txapelketan ez duela parte hartuko adierazi du, eta Sihinek txapela janzteko aukera paregabea izan dezake. Hortaz, Munduko txapeldun berri bat bertatik bertara ikusteko zortea izan dezakegu elgoibartarrok.
 
Munduko 8 onenetatik 4 ikusteko aukera
Etiopiarraz gain, iazko Munduko Kros Txapelketan lehen 8 postuetan sailkatu ziren lasterkarietatik lau egongo dira Mintxetako irteeran eta baita Espainiako Kros Txapelketako podium-a osatu zuen hirukotea ere.

Emakumezkoetan; 2 afrikar europarren aurka
Emakumezkoen senior mailan bi atleta afrikar bakarrik ekartzea erabaki dute antolatzaileek eta Europearren kopurua areagotzea. Dena dela, Tufa eta Bekele etiopiarrak izango dira lasterketa irabazteko faborito nagusiak. Aniko Kalovics korrikalaria izango dute areriorik gogorrena. Hungariarrak iaz erakutsi zuen oso ondo moldatzen dela Mintxetako aldapa gogorretara. Ez da afrikarrengandik urrun ibiliko. Krosaren aurkezpenean izan da Kalovivs, jadanik Elgoibarren dago-eta, proba astiarekin prestatzeko asmoz.
Emakumeekin jarraituz, aipagarria da aurten estrainekoz emakumeen argazki bat ageri dela krosa iragartzen duen kartelean.

Partaidetza errekorrra hautsi daiteke

Sinadurak ez dira gazteen kontua bakarrik

Mintxeta Atletismo Taldeak korrikalari kopuruaren errekorra hautsi nahi du aurten. Zigor Diezen berbetan, “kategoria guztietako 800 edo 900 atleta izango dira domekan Mintxetako zirkuituan”. Mintxeta A.T.ak antolakuntzaren ardura hartu zuenetik 6 urte pasa dira eta urtez urte gora egin du partaidetzak. Gainera, hasieratik jarri dute arreta berezia behe kategorietan. Junior mailako lasterketetako partaideen jatorria begiratzea besterik ez dago lasterketa hauen mailaz jabetzeko. Iaz, Ingalaterra, Portugal eta Espainiako hainbat lekutatik iritsi ziren antxintxikariak.
 

Herriko atleta eta korrikazaleak aurkezpenean adi-adi

 

Kazetari mordoa izan da prentsaurrean



• ANTXINTXIKARI aipagarrienak
(Senior gizonezkoak):

-Sileshi Sihine (Etiopia)
*Munduko Kros txapeldunordea (Osaka, 2006)
*Atenaseko Joko Olinpikoetan txapeldunordea (2004)
*10.000 metrotako munduko txapeldunordea (Helsinki)

-Hosea Macharinyang (Kenya)
* Munduko Kros Txapelketan 6. postua (Osaka, 2006)
*Baños de Ventan txapeldunorde, aurten.

-Yonas Kifle (Eritrea)
* Munduko Kros Txapelketan 7. postua (Osaka, 2006)
* 3. postua Soriako krosean

-Ali Abdallah (Eritrea)
* Munduko Kros Txapelketan 8. postua (Osaka, 2006)
*Soriako kroseko irabazle.
* 2. postua Laudiko Krosean

-Fernando Silva (Portugal)
*Europako Kros txapeldunordea

-J.C. de la Ossa (Espainia)
*3 bider Espainiako Kros Txapeldun
*Espainiako iraupen luzeko momentuko atletarik onena.

-Chema Martinez (Espainia)
*10.000 metrotako Europako txapeldunordea
*Behobia-Donostiako irabazlea

-Juan Carlos Higuero (Espainia)
*7 aldiz Espainiako Txapeldun 1.500 metrotan

 
 
Senior emakumezkoak:

-Mestawet Tufa (Etiopia)
* Munduko Kros Txapelketan 7. postua (Fukuoka, 2006)
*Fuensalidako Kroseko irabazlea

-Bezunesh Bekele (Etiopia)
* Munduko Kros Motzeko Txapelketan 9. postua (Fukuoka, 2006)
*4. postua iaz Elgoibarren

-Aniko Kalovics (Hungaria)
*4. postua Europako Kros Txapelketan
*3. postua Elgoibarren iaz.

-Jessica Augusto (Portugal)
*9. postua Europako Kros Txapelketan

-Rosa Moato (Espainia)
*2. postua Espainiako Kros Txapelketan.