Martxan dago lan munduan euskararen erabilera sustatzeko plana

elgoibarren.net 2007ko urt. 11a, 09:26

Debegesa, Akilape (Mutriku) eta Estarta (Elgoibar) enpresetako ordezkariek 2007an Debabarrenan euskara planak bultzatzeko hitzarmena sinatu dute. Lan munduan euskararen erabilera sustatzea bilatzen du hitzarmenak.

 
 
Lan mundua, euskararen erronka 
Lan mundua eremu estrategikoa da euskararen etorkizuna bermatu nahi bada. Hainbat erakunde eta enpresek heldu diote erronka horri, euskararen normalizazio planak abian jarriz.
Erronka horri Debabarreneko udalek ere heldu zioten eta Elgoibar, Eibar, Deba, Mendaro, Mutriku eta Soraluzeko udalek iaz, lan munduan euskararen erabilera sustatzeko plana jarri zuten martxan.
 
Emun kooperatibarekin elkarlanean 
Plan hori aurrera eramateko Debabarrenako udalek, Emun , Lana Euskalduntzeko Kooperatibaren aholkularitza kontratatu zuten. Emun-ek euskararen erabilera normalizatzeko planak diseinatu eta inplementatzen ditu enpresetan, erakunde publikoetan, herrietan, eskualdeetan, e.a.
Debabarreneko udaletako euskara zerbitzuek eta Emun-ek ondorengo lan ildoak zehaztu zituzten 2006rako:
•    Prestakuntza saioak.
•    Bi koordinazio gune.  
•    Komunikazio plana.
•    Enpresetarako bisitak. 
 
Hitzarmenaren sinatzaileak 
2007an euskara plana martxan jarriko duten ondorengo enpresetako ordezkariek sinatu dute hitzarmena:
•    Estanis Osinalde, Debegesa Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko zuzendariordea.
•    Nekane Bergara, Estarta Kooperatiba Elkarteko koordinatzailea.
•    Beatriz Urizarbarrena, Akilape SAL enpresako koordinatzailea.