San Anton Torneoko finalerdietan jokatuko du Loiola elgoibartarrak

elgoibarren.net 2007ko urt. 12a, 10:00

Afizionatu mailako San Anton Pilota Txapelketa prestigiotsuaren 2. finalerdiak jokatuko dira gaur, 22:00etatik aurrera, Ikastolako frontoian. Senior mailan Eneko Loiola elgoibartarraren parte hartzea azpimarratu behar da. Atzelari sanmigeldarrak Baez donostiarrarekin egingo du bikote, eta Gonzalezen eta Izaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

 
 
Iazkoa hobetzea helburu 

Eneko Loiola

Iaz San Anton Txapelketako finalera ailegatu zen Eneko Loiola elgoibartarra. Orduan ere Baez II. donostiarra izan zuen lagun eta 22 eta 9 galdu zuten Bellosoren eta Oteizaren aurka. Oteizak, Etxarri-Aranazeko atzelari boteretsuak, handik gutxira egin zuen profesionaletara jauzia. Iazko marka hobetu nahi du aurten Loiolak. Horretarako, Gonzalez eta Iza gainditu beharko dituzte lehenik eta Alvaro eta Merino gero, finalean. San Anton Pilota Txapelketaren finalak urtarrilaren 20an, zapatuan, jokatuko dira (17:30).
 
 
 
Atxotegi finaletik kanpo

Aitor Atxotegi

Lehen finalerdiak urtarrilaren 5ean jokatu ziren eta Lagunak Pilota Eskolako beste pilotari batek parte hartu zuen bertan, Aitor Atxotegi plaentxiarrak, hain zuzen. Iaz promesa mailako txapela jantzi zuen Atxotegik eta aurten senior mailan jokatu du estrainekoz. Zoritxarrez, berak eta Iruretak ezin izan zituzten Alvaro eta Merino gainditu.
 
Profesionaletarako azken koska 
Gaur goi mailan aritzen diren pilotari ia gehienak pasa dira Ikastolako frontoitik: Martinez de Irujo, Olaizola, Patxi Ruiz, Beloki… San Anton Torneoa afizionatu mailako pilotarientzako eskaparate ezin hobea baita. Pilotarien benetako maila neurtzeko termometro modukoa da eta ez da oso arraroa izaten askok afizionatu mailako azken partidak Elgoibarren jokatzea.
 
San Anton Torneoko 2. finalerdiak
• Yoldi/Beroiz Vs Andreu/Díaz de Ulzurrun (Promesak)
• Báez II/Loiola Vs Mikel González/Iza (Seniorrak)
*Noiz: Urtarrilak 12 (barixakua)
*Non: Ikastolako frontoian
*Ordua: 22:00etatik aurrera

San Anton Torneoko 1. finalerdietako emaitzak
• Gorka/Linzoain 22 - Larrañaga/Uzkudun 17 (Promesak)
• Alvaro/Merino 22 – Atxotegi/Irureta 15 (Seniorrak)
 
Finala
Urtarrilak 20 (zapatua)
Ordua: 17:30