Frankismoan klandestinitatean jardun zuten 5 andereño elgoibartarrek Sabino Arana Saria jasoko dute

elgoibarren.net 2007ko urt. 24a, 09:19

Frankismo garaian klandestinitatean jardun zuten euskal andereñoak omenduko dituzte 2006ko Sabino Arana Sariarekin. 205 andereñok (Ikus zerrenda osoa) osatzen dute kolektibo hau, eta tartean 5 elgoibartar daude: Itziar Ajuria, Jone Etxabe, Nekane Iturbe, Mari Isabel Mujika eta Mari Juli Konde. Domeka honetan (urtarrilak 28) jasoko dute saria Bilbaoko Arriaga antzokian. (Elkarrizketak barruan)



Sabino Arana Sariak 2006
Aurten, bost sari emango ditu Sabino Arana Fundazioak, eta sarituak izan dira: frankismo garaian klandestinitatean lan egin zuten andereñoak, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo euskaldunak, Kepa Junkera musikaria, Tecnalia Korporazio Teknologikoa eta Aranzadi Zientzia Elkartea.
 
Juan Maria Atutxaren miresmen berbak
Errepresioa zuzenean jasan arren, adore eta ausardia handia erakutsiz, pertsona hauek euskara zaintzen eta garatzen lagundu zuten”, adierazi zuen Fundazioko lehendakari Juan Maria Atutxak sarien aurkezpenean. Honek, bere miresmena agertu zuen garai “gogor” haietan, andereño horiek hartu zuten konpromisoa eta egindako lehiagatik. “Ikastolen mugimendu hasi berria abian ipintzeagatik ere neure miresmena agertu nahi diet”. Klandestinitatean andereño lanetan jardun zuten horietako batzuk, egun hezkuntza sistemako parte direla gehitu zuen. Atutxak zorionak eman zizkien andereñoei, “herri oso baten arima suspertzeko egindako lanagatik erretiro-pentsio osoa jasotzeko eskubidea lortu berri dutelako”.
 
Andereño elgoibartarren oroitzapenak

1706641930931 Frankismoan klandestinitatean jardun zuten 5 andereño elgoibartarrek Sabino Arana Sari

Frankismo garaian klandestinitatean aritzeagatik beldurrik pasa al zuten eta arriskuaz jabetzen al ziren galde egin diegu bost andereño hauei.
• “Garai haietaz oroitzean inkontziente xamarrak izan ginela uste dut, non sartzen ginen ez ginela konturatzen. Pertzepzio hori denborak ematen du, ordea” azaltzen du Jone Etxabek.
 
Gurasoen babesa ere funtsezkoa izan zen, euskaraz irakasteari inork etorkizunik ikusten ez zion garaian konfiantza osoa zuten gugan” jarraitzen du Nekane Iturbek, “ilusioa ere bagenuen, gazteak ginen-eta" gaineratzen du Mari Julik guztien onespenarekin.
• Klaseak emateko "baldintza eskasetaz, segurtasun-faltaz eta prekarietateaz" ere akordatzen dira andereñook. “Euskaraz ez zegoen ezer eta material berri mordoa sortu behar izan genuen. Euskaraz irakurketa lantzeko kartila bat sortu genuela akordatzen al zara Jone?” galdetzen du Mari Julik “geroago Arrasateko irakasle batzuk patentatu zuten gure ideia”.
• Itziar Ajuria, andereñoen dekanoak ere gogoan ditu lan baldintza gogorrak, “Hasiera-hasieran 'Xabiertxo' testu liburuarekin bakarrik moldatu behar izaten genuen eta lan baldintzak ere ez ziren onenak. Zenbat hauts, hotz eta hezetasun pasa behar izan ote ditugu, zenbat leku aldaketa…
• Beldurrik handiena “egun batetik bestera ikastetxea itxiko zigutela izaten zen” aipatu digu Nekane Iturbek, “eta baita euskaraz jasotako klaseak baliogabetuko zizkigutela ere. Alegia, 9 urtean euskaraz ikasten jardun eta ez zuela ezertarako balioko zen gure kezka nagusienetakoa. Euskaraz ikasteagatik bakarrik besteek baino gehiago demostratu beharra zeukaten gure ikasleek”.
• Denak bat datoz gauza batean, ikasle guztietaz akordatzen dira eta hasierako garai haietako ikasle denek edo ia denek kalean agurtzen dituztela oraindik.
 

1964. Jone Etxabe (ezkerrean) eta Itziar Ajuria andereñoak Loiolan

1971-72 ikasturtea. Nekane Iturbe eta Itziar Ajuria parrokiako atarian ataratako argazkian

 
 

1706641931047 Frankismoan klandestinitatean jardun zuten 5 andereño elgoibartarrek Sabino Arana Sari

1706641931087 Frankismoan klandestinitatean jardun zuten 5 andereño elgoibartarrek Sabino Arana Sari

 
 
 
Informazio gehiago:
•  Berria
 
• Izarren Hautsa 40 urtean liburuan* Itziarri eta Joneri egindako elkarrizketak.
(*Elgoibarko Izarrak elkartearen 40. urteurrenean argitaratu zuen liburua)