Pedro Sodupe 'Gelatxo' soinujolea hil da

elgoibarren.net 2007ko urt. 29a, 11:21

 
Gaur goizaldean esan digu agur Pedro Sodupe Esnaola, “Gelatxo” soinujole handiak. Mendaroko ospitalean hil da 78 urte zituela. Bihar, hilak 30, izango da hileta elizkizuna San Bartolome parrokian (19:00).

 
 
 
Trikitixako giltzarri

1706641915588 Pedro Sodupe 'Gelatxo' soinujolea hil da

Nahiz eta Pedrok soinu handia jo, trikitixa barru-barruan izan du; aitaren heredentziarengatik lehenik, dantzaria izan eta dantza-konkurtsoetan puntan ibilia delako gero. Pedro Soduperi buruz hizketan ari garenean, oso kontutan izan behar da hark zer garrantzia izan duen Gipuzkoa aldean trikitixaren bilakaeran: aitaren errepertorioa trasmititzeaz gain, bandetatik eta txistulariengandik etorri den errepertorio zabala berak soinuratu zuen. Soinu txiki joleek musika ikasketarik ez zuten garaian, Pedro ezinbesteko zubi bihurtu zen pieza hauek ezagutarazteko.
 
Eta gehiago: bere-bereak diren konposizioak ere baliatu dituzte trikitilari ospetsuenek. Adibidez, Laja eta Martinen diskoetan ageri diren pieza asko bereak dira. Esan daiteke beragatik gorde direla trikitixako eta txistuko hainbat eta hainbat kantu.

Azkenera arte musikari

Azken unera arte musika jotzen jarraitu zuen Gelatxok. Bere fandango eta arin-arinetatik aparte, tango, bolero eta pasodobleak jotzen aditu egin zen, dela ohiko taldearekin (Eguren eta Ziolarrekin), dela besterekin, dela bakarrik; adibidez igandero Elgoibarko jubilatuetan egin izan dituzten dantzaldi ospetsuetan.

Omenaldiak

Bizi zela 5 omenaldi jaso zituen Pedrok: Lasturren, Amezketan, Santiago Errekan, San Lorentzo bailaran eta Elgoibarren, 1998ko uztailaren 5ean egin zitzaion omenaldi erraldoia eta sentitua.

Roberto Garate, Enrike Eguren eta Pedro Sodupe, Donostian 1950eko hamarkadan

Pedro Mari Sodupe (Pedroren semea), Jose Antonio Osoro (saxoarekin) eta Pedro soinuarekin, 1974. urtean. Argazkia: Pepe Gil.

 

Santa Ageda eskean, 1960ko hamarkadan.

1960an Bergarako Zabala jatetxean, soinu handijoleen bileran. Argazkia: Luag.


Biografia laburra
• Beste anaiak ez bezala, San Lorentzoko bertako Agarre baserrian jaio zen 1928-2-22an.
Hamar urtetarako panderoa jotzen zuen, aitari laguntzen. Anaia Lorentzorekin ere ibili izan zen.
• Hamabi urterekin Intxusabal “Elgeta”rekin Madariagan pandera jo zuen. Bere kabuz ikasia zuen instrumentu hau jotzen. Garai berean musika eta tronpeta ikasketak hasi zituen; soinujolea zen anaia zaharrari laguntzeko asmoz.
• Hainbat dantza konkurtsotan parte hartua, 12 urte zituela egin zuen lehenengo jendaurreko agerraldia, San Lorentzon, Anjela Badiola bikotekide zuela. Dantzari fina eta saritua izan zen harrez geroztik.
• 16 urterekin tronpetari putz egiten aspertu eta botoizko soinua ikasten hasi zen anaia Lorentzorekin.
• 19 urterekin pianozko soinura pasa zen Inazio Bereziartua organistaren lezioetara hobeto moldatzeko. Pedro Sodupe “Gelatxo” historiara pasa bada, pianozko soinu handiagatik izan da.
• Esan liteke Pedrok ezagutu ez zuen herri, auzune, plaza eta txokorik ez dagoela Gipuzkoa edo Bizkaian, baina normala denez bere hasierako abiapuntua (1945-1960 aldean) herri inguruko auzuneak izanik, haiek bereziki kuttunak zituen (San Lorentzo, bere bailara; San Migel, San Pedro, Kurutzeta, Iruzubieta, Endoia, Mutrikuko Antsomendi, …) eta berdin, ia 40 urtetan segidan jo zuen Amezketa edo Aiako Santiago Erreka edo Lastur.
• Santa eskeak: Auzoan Santa Agedako eskean ibiltzen bazen ere, oroitzapen berezia dauka Itziarrera estreinako eraman zutenekoa. Hau izan zen lehenbiziko aldia lan klase hau herritik kanpora egin zuena. 1945 urtea zen eta 17 urte zeuzkan. 40 duro eman zioten: ordurako diru asko; ingurune hori ezaguna zen hangoek zutenm eskuzabaltasunagatik. Goizeko 08:00etan hasi eta hurrengo goizean 06:00etan utzi zion, Debara oinez tapa-tapa jaisteko trena hartzera. Pentsa zer sasoia behar zen bitarte horretan guztian (24 orduz!) soinu tzar hori bizkarrean hartuta etxez etxe oinez ibiltzeko. Puntako soinujolea izanik, lehen mailako bertsolariak izan ohi zituen eskeko lagun: Uztapide, Basarri,…
Gelatxo eta jazbana: Gelatxo, hasieran, gehienbat bakarrik ibili bazen ere, gero hirukote ere bihurtu zen: soinu handia, saxofoia eta jazbana (bateria). Hau da jazbanaren formazio erabiliena. Gelatxorena izan zen geroztik jazban talde garrantzitsuenetakoa. Arroako Mario Serranok dio: “haiek hituen hemen mugitu zutenak. Gelatxoren semeak, horrek bai, horrek musika handia zeukan”. Ezin aipatu gabe utzi Pedrori lagundu dioten musikari alai eta onak: Arturo Zuloaga “Txokolo”, Enrike Eguren, Jose Antonio Osoro “Katxo”, Pedro Mari Sodupe, Francisco Clemente Bores, Manuel Arruabarrena, Roberto eta Luxiano Garate, Santi Mendoza, Jose Perez Cortes, Pedro Zapateroa, Antonio Viñaras, Ricardo Gorriti, edota Jose Makazaga “Ziolar”.

(*Informazioa eta argazkiak “Gelatxo” liburutik. Haritz EDT, EHko Trikitixa Elkartea eta Ongarrik elkarlanean 1998an argitaratua)
 
  Informazio gehiago: