Egingo al ditugu sanblas opilak? Guk errezeta jarriko dugu

elgoibarren.net 2007ko ots. 2a, 09:20

San Blas Eguneko (otsailak 3) ohitura da sanblas opiltxoak bedeinkatu eta jatea. Mari Sol Zabaletak urteak daramatza sanblasak modu tradizionalean egiten. Errezeta eta sekretu guztiak argitu dizkigu. (Elkarrizketa, errezeta eta argazkiak dauzka)
• Sanblasak bedeinkatzeko meza: zapatuan, 11:00etan San Bartolome parrokian 

 
 
 
Elkarrizketa
Mari Sol Zabaleta, sanblasgilea
"Urte guztian egiten ditut sanblasak modu tradizionalean"

Mari Sol Zabaleta

Sanblas opilak modu tradizionalean egiten ditu Marisol Zabaletak, duela 67 urte Sallobente bailarako Amuskategi baserrian sortutako gozogileak. Jakin gabe, baina elgoibartar askok jango zenituzten Marisolek eginiko sanblasak. Estimazioa handia dutenik ezin uka, herriko 5 dendetan saltzen dituzte eta bere opilak. San Blas Eguna (otsailak 3) gainean dugu eta lanez gainezka topatu dugu, baina errezeta (ikus beherago) emateko eskuzabal.
 
-Nork irakatsi zizun sanblasak egiten?

Gazte-gaztetatik ikasi dudan gauza bat da. Gainera, betidanik gustatu izan zait sukaldean ibiltzea. Batari eta bestiari entzunaz ikasi naban San Blas opilak egiten. Aportaziorik onenak niretzat hartu eta nire erara egiten hasi nintzen. Ordudanik ez dut sanblasak egiteko modua aldatu, beti berdin egiten ditut.

-San Blas egunerako bakarrik egiten al dituzu opilak?

Ez, urte guztian egiten ditut. Oporretan joaten naizen bi hilabete kenduta sanblasak egin eta egin jarduten dut. Urtean zehar, baina, San Blas opil txikiagoak egiten ditut eta San Blas egunerako opil handiagoak ere egiten hasten naiz.

-Elgoibarko dendetan zuk egindako San Blas opilak aurki ditzakegu, ezta?

Bai. Herriko bost dendatan saltzen dituzte nik egindako opilak. Eta horrez gain, handik eta hemendik eskatzen dizkidatenak; ez daukat sanblasak eskaintzera inora joan beharrik, jendea eskean etortzen zait. Duela 18 urte telebistan agertu izanak du honen errua…

-Kontaiguzu, kontaiguzu…

Ba, duela 18 urte, 1.989. urtean, ETB-1-ekoak etorri ziren sanblasak nola egiten ziren grabatzera. Olga Uncilla kazetari elgoibartarra zen Denbora Pasa saioko aurkezlea eta nire semeetako baten koadrilakoa zenez, bazuen nire afizioaren berri. Bi ordu eman zituzten grabatzen eta gero 2 minutu eman zituzten telebistaz.

-Arrakasta itzeleko bi minutu.

Bai, halaxe izan ziren. Berehala hasi zitzaidan jendea sanblasak eskatzen eta gaur ere hala izaten jarraitzen du. Leku askotatik eskatu izan dizkidate: Azkoitia, Eibar… eta baita urrunagotik ere: Madril, London, Mosku… kanpoan bizi diren elgoibartarrei esker jende askok probatu ditu nire opilak.

-Eta behin probatzen duenak… errepikatu egiten du, ezta?

(barrez) Bai, hala izango da, ahoz ahokoak funtzionatzen duela ematen du, nik ez baitut nire buruaren  publizitaterik egiten.

-Ez al zara aspertzen horrenbeste sanblas egiteaz?

Keba! sanblasak egitea entretenimendu aparta da niretzat. Beste batzuei pasierak ematea, parkera joatea edo kafea hartzea gustatzen zaien moduan, ni ez naiz sanblasak egiteaz aspertzen. Gainera, jendeak estimatzen dituen bitartean, egiten jarraituko ditut.

-Sanblasak modu tradizionalean egiteko ohitura galduko den beldur al zara?

Norbaitek nire lanari jarraipena ematea nahi nuke, eta horregatik nago prest errezeta edonori azaltzeko. Jende askori azaldu diot nola egiten ditudan sanblasak, baina gero bakoitzak nahi duena egiten du. Beste asko, berriz, saiatu dira egiten, baina ez da dirudien bezain erraza. Nire semeetako bati ondo ateratzen zaizkion arren, ez dut uste nire bidea jarraitzeko prest dagoenik.
 
Sanblasak egiteko prozesua ARGAZKITAN
 

Arrautzen gorringoak banandu

Bi arrautzen zuringoari 8 koilarakada azukre bota zuringoa egiteko

 
 

Zuringoa bañomarian berotzen jarri

 

Arrautzen gorringoari azukrea gehitu eta nahastu

 

Makinaz edo eskuz egin daiteke nahasketa

 

Irinari osagaiak gehitzen joan. Irudian, irinari koipea botatzen

 

Anisa bota. Anis esentzia bada hobe

 

Arrautza eta azukre nahasketa ere irinetara bota

 

Masa ondo-ondo nahastu

 

Masa zenbat eta gehiago landu hobe

 

Masari nahi dugun forma eman

 

Guk aukeratzen dugu sanblasen itxura

 

Opilak labean sartzeko prestatu. (Labearen tenperatura, 220 gradu)

 

Zuringoa nahasi. Kasu honetan irabiagailu elektrikoa erabiliz.

 

Opileei zuringoa eman

 
 
Errezeta
 
Osagaiak:
•  Kilo bat irin
•  Kilo bat azukre
•  6 arrautza
•  200 gr. Koipe (txerri-manteka)
•  Royal koilarakada bat
•  Anis botetxo bat (anis-esentzia eta kristaldua bada hobe)


Nola egin sanblasak, pausoz-pauso

1-    Arrautzen gorringoak ontzi batean apartatu. (*arrautza horietako bi zuringo banandu egin behar dira eta sanblasaren zuringoa egiteko gorde.)
2-    Arrautzen gorringoak azukrearekin nahastu eta ondo irabiatu, biak bat egin arte. Marisolek irabiagailu elektrikoa erabiltzen du lan honetarako, baina eskuz ere egin daiteke. (*Geruza zuria egiteko 8 azukre koilaraka gorde).

3-    Irinari osagaiak gaineratu eta masa bat egin arte nahastu.
    *Koipea (txerri-manteka): (*gurina baino naturalagoa Marisolen iritziz). Koipea nahastu ahal         izateko gogorregia baldin badago, mikrouhin labean bigundu.   
    Anisa: anis-esentzia bada hobe.   
    Gatza: pittin bat.   
    Arrautza gorringoak eta azukrea nahastu ondoren irinetara bota.
4-    Irinetara botatako osagai guztiak ondo nahasi. Lan asko egin behar da masarekin, ogiarekin bezala, eta zenbat eta gehiago landu masa, orduan eta hobeago. Nola jakin noiz dagoen prest? Masa ondo berdinduta dagoenean, osagai guztiek bat egin dutenean.5-    Masari nahi dugun forma eman.

6-    Labean sartzeko prestatu. Pegatuta gera ez daitezen koipez igurtzitako albal paperaren gainean jarri sanblasak.

7-    Labean sartu. Aurrez, 20 bat minutuan 220 gradu inguruan berotzen eduki. Sanblasak 10-12 minututan eginak egon daitezke (labearen arabera).

Sanblasen zuringoa egiteko:
1-    Bi zuringoei 8 koilarakada azukre bota eta kazuelatxo batean nahastu.
2-    Kazuelatxoa bainu marian jarri ontzi handiago batean, eta sutan jarri, noizean behin nahasteari laga gabe. Ez laga urari irakin egiten, bestela sua jaitsi.
3-    Beroak azukrea apurtu behar du eta azukreak eta zuringoek bat egin behar dute. Likido garden bat izan behar da lortu behar dugun emaitza. Esperientziak esango digu noiz dagoen puntuan (ez da erraza jakiten)
4-    Likido garden hori irabiagailu elektroniko batekin nahasi.
5-    Opilak oraindik bero daudela eman behar zaie geruza zuria.